Mendeak atzera eginda, gaurdaino, urtero errepikatzen den tradizioa da ekainaren 23an sua piztearena. Diotenez, izpiritu txarrak uxatu eta solstizio berria osasuntsu hasteko erritua zen antzina, eta, Euskal Herrian ez ezik, Espainian, Portugalen, Norvegian, Danimarkan, Suedian, Finlandian, Estonian, Britania Handian, Argentinan, Brasilen, Bolivian, Txilen, Ekuadorren, Paraguain, Perun, Venezuelan nahiz Puerto Ricon ere solstizio berria indartzeko erabiltzen dute ekainaren 23ko iluntzea; eguzkiari indarra emateko pizten omen da sua, besteak beste.
Tolosaldeko herri, auzo eta txoko guztietan ere bizirik jarraitzen du, oraindik, ohitura honek. Tradizioak, ordea, bizitzearekin batera, berritu egiten ditu denboraren igarotzeak; biziberritu.
Horrela, antzinako sinisteak egungo ohiturekin jantziko dituzte eskualdeko hainbat herritarrek eta, suaren garrekin batera, herri-afariak, afalondo oparoak, antzerkiak, musika eta dantza izango da astelehenean, askotariko dantza.
Dantzetan dantzatuena, dena den, San Joan zortzikoa edo San Joan dantza izango da, hurrengo eguneko ospakizunari dei eginez. Abaltzisketan, Belauntzan eta Tolosan urteko egun garrantzitsuenetakoa izaki, bezpera ere zirrara bereziz biziko dute herritarrek.
Baina gainontzeko herrietan ere ez da festa-girorik faltako, eta urteko gau luzeenetakoari merezitako ongietorria emango diote, beraz.
San Joan bezperako gauaren magia herriko plazetatik harago ere joango da, hala ere, eta Tolosaldeko auzo, etxe, baserri eta txokorik ezkutuenetan ere su-garrak ikusi ahal izango ditu ondo begiratzen duenak.
San Joan bezperako egitarauak eskualdean
ABALTZISKETA
21:00. San Joan dantza eta soka-dantza herriko gaztetxoekin.
21:30. San Joan sua piztuko dute.
Ondoren. Erromeria Nonnahi taldearen eskutik.
ADUNA
20:30. San Joan erritua beteko dute dantzaz eta kantuz, herriko haur eta helduek, Elordi plazan.
21:00. Sua piztuko dute Uztartza atzeko aparkalekuaren ondoan.
Ondoren. Afaria egingo dute: Txulobi elkartean izena emanda, edo Uztartzaren kanpoaldean norberak emandako janariarekin.
ALEGIA
20:45. Pedro Joxe Iguain alegiarrak konposatutako Salve Regina abestuko du Txintxarri abesbatzak Joan santuaren izena daraman elizan.
21:00. San Joan sua piztuko dute herriko plazan. Txintxarri abesbatzak, Sutarri dantza taldeak eta herriko txistulariek alaituko dute gaua, eta Bordon-dantzaren doinua entzuteko aukera izango dute.
ALKIZA
20:00. Guraso Elkarteak antolatuta, afari merienda egingo dute plazan.
22:00. Sua piztu eta Sorgin dantza eta kantuak izango dira suaren inguruan.
ALTZO
21:15. Sua piztu eta bedeinkatu egingo dute, eta Artea dantza taldearen emanaldia izango da. Ondoren, zahagi ardoa egingo dute. Edaria udalak jarriko du eta jatekoa bakoitzak berea.
AMASA
21:00. Afaltzeko elkartuko dira.
22:00. Sua piztuko dute.
ANOETA
18:00. Buruhandi eta erraldoien kalejira herriko txistulariekin.
20:30. Herri afaria plazan.
22:15. Txalapartariek San Joan bezperako suaren jaia iragarriko dute.
Ondoren. Suaren inguruan San Joan Zortziko kantuak eta erromeria. Markox Landa aita-semeak aho soinuarekin.
ASTEASU
21:00. San Joan sua eta tradiziozko dantza herriko plazan.
BALIARRAIN
20:00. Afari-merienda San Joanen (eguraldi txarrarekin kiroldegiko aterpean). Norberak eraman beharko du afaria, eta jai batzordeak edaria jarriko du. Haurrek eta gurasoek postreak eta kafeak eskainiko dituzte, urteko egitasmoetarako diru pixka bat biltzeko asmoz.
Ondoren. Sua piztuko dute.
BERROBI
20:30. Herri-afari paganoa, Urruti baserrian. Norberak eraman beharko ditu platerak, edalontziak eta mahai-tresnak.
22:00ak aldera. Sua piztuko dute.
BELAUNTZA
21:00. Kanpai-jotzea, sua piztearekin batera. Txupinazoa botako dute eta suziriak ere bai.
BERASTEGI
21:00. Afaria frontoian. Norberak jatekoa eraman beharko du, eta guraso elkarteak edaria eta kafea eskainiko dituzte. Afal-garaian trikiti eta pandero ikasleen emanaldiak entzun ahal izango dira.
Ondoren. San Joan dantza saioa eta sua.
BIDANIA- GOIATZ
20:30. Norberak eramanda, afari-merienda, parkean. Edariak, berriz, udala eta Ernio guraso elkartearen kontura izango dira.
Ondoren. San Joan sua piztuko dute.
GAZTELU
20:30. Afari-merienda, kirol eta kultur elkartean.
21:30. San Joan sua piztuko dute plazan.
HERNIALDE
21:00. Norberak eramanda afaria egingo dute, eta udalak zahagi ardoa nahiz kafea jarriko ditu.
22:00. Sua piztuko dute eta, ondoren, herriko dantzarien emanaldia izango da, bertako orkestrarekin.
IBARRA
20:00. Afaria, plazan. Norberak bere afaria eramango du, eta Hauspoa elkarteak mahaiak nahiz sagardoa jarriko ditu.
21:30. Sua piztu eta Alurr dantza taldeko dantzariek San Joan dantza eskainiko dute.
23:00. Erromeria.
IKAZTEGIETA
20:30. Afaria plazan.
22:30. Sua piztuko dute.
IRURA
22:00. Sua piztuko dute herriko plazan. Sua herriko dantzariek alaituko dute, eta udalak ardo goxoa eta gozokiak banatuko ditu.
LARRAUL
21:00. Afaria egingo dute.
22:00. Sua piztuko dute plazan.
ORENDAIN
19:00. Antzerkia.
21:00. Herri-afaria egingo dute. Jatekoa norberak eramango du, eta udalak zahagi-ardoa jarriko du.
21:30. Sua piztuko dute plazan.
Orexa
19:30. Herriko txistulariekin kalejira, Urrutxugain auzoraino.
Ondoren. Sua piztuko dute.
20:30. Afaria egingo dute.
TOLOSA
22:00. San Joan sua piztuko dute Andre Maria plazan, udalbatza bertan dela. Ondoren, Udaberri dantza taldea, Tolosako Musika Banda eta Tolosako Orfeoia ariko dira.
Ondoren. San Joan Zortzikoa jo ondoren, Tolosako Musika Banda kalez kale ibiliko da.
VILLABONA
22:00. Sua piztuko dute Errebote plazan. Oinkari eta Oinargi dantza taldeak eta Eresargi abesbatza ariko dira.
ZIZURKIL
20:00. Behean, herritarrak Joxe Arregi plazan elkartuko dira eta, kalejiran, Elbarrenan pizten dituzte suak bisitatuko dituzte. Dantzariek dantza bat eskainiko dute.
22:00. Goian, sua piztuko dute Lartin erretegiko sailetan. Ondoren, txokolate-jatea izango da bertaratzen direnentzat, San Millan eskolako guraso elkarteak antolatuta.
22:30. Behean, Elizaren atzekaldean piztuko dute sua, eta Bukalai dantza taldeak San Joan dantza egingo du. Joxe Arregi plazan eskainiko dute zizka-mizka batekin biribilduko dute festa.