Urteko gaurik motzena, eta egunik luzeena festetan igaro dituzte eskualdeko hainbat herritan. Sanjoanak ospatu dituzte Abaltzisketan, Belauntzan eta Tolosan, eta Anoetan ere festetan izan dira, baina gaurkoan agurtuko dituzte guztiek aurtengo jaiak.
Abaltzisketan igande arratsaldean ikusmin handia sortu zuen urteroko zaldi karrerak eta herritarren arteko herri kirolen saioak. Zaldi karrera Lasarte-Oriako Santi Telleriak irabazi zuen, Amezketatik Abaltzisketara 2,5 kilometrotako ibilbidea, 3 minutu eta 36 segundotan eginda. Ondoren, herriko gazteak helduen aurka aritu ziren, eta helduen esperientziak irabazi zuen lehia.
Anoetan ere herri kiroletan aritu ziren larunbat arratsaldean. Kasu honetan, herriko gazteak zizurkildarren aurka aritu ziren, eta probetan herritarrak irabazle izan baziren ere, azkenean, sokatiran indarrak parekatuago ibili ziren. Kukua igandean agurtu bazuten ere, gaur eguerdiko dantzaldiarekin agurtuko dituzte behin-betiko aurtengo festak.
Belauntzan ere gaur agurtuko dituzte sanjoanak, baina aurretik asteburua ekimenez betea izan dute. Larunbatean, esate baterako, Igeldoko Lezkarri abesbatzak kontzertua eskaini zuen San Joan elizan, eta bertan hainbat abesti eskaini zizkien bertaratu zirenei.
Tolosan, larunbatean Kuadrillen eguna izan zen, eta kuadrilla ezberdinetako kamisetek kolorez jantzi zituzten kaleak. Aurten, gainera, mota guztietako maskotak ikusi ahal izan ziren kuadrillen artean. Herri-bazkarian 1.400 pertsonatik gora bildu ziren Euskal Herria plazan, eta bazkal ondoren kuadrilla guztiak dantzan jarri zituen Zesuma taldeak. Egun guztian dantzan jarraitzeko aukera ere izan zuten bai Mulambo perkusio taldearekin edo baita gaueko Humus eta Zea Mays taldeen kontzertuarekin ere. Igandean, Et Incarnatus orkestrak eskainitako kontzertuan «inoizko jendetza handiena» bildu zen.
San Pedroetarako prestatzen
Asteasun San Pedro festak ospatuko dituzte datorren asteburuan, baina motorrak berotzeko hainbat ekimen izan zituzten asteburuan. Larunbatean, karta txapelketa egin zuten. Mus txapelketan 30 bikote heldu eta 16 urtetik beherakoen 5 bikote aritu ziren lehian. Txitxonean, berriz, 15 lagun aritu ziren.
Gaurko egitarauak
Tolosa
- 07:00. Zinegotziei deia, Udal Txistulari Bandaren eskutik.
- 08:30. Diana, Musika Bandaren eskutik.
- 08:45. Diana, Tolosako eta Iruñeko Udal Txistulari Banden eskutik.
- 09:00. Diana, Dultzaineroak taldearen eskutik.
- 09:00. Oriako Txirrindulari Eskolak antolatutako XL Jose Mari Anza Memoriala 1. eta 2. mailako afizionatuentzako txirrindulari-lasterketaren irteera.
- 09:30. Plaza Zaharrean Eskopetariak eta Musika Banda bilduko dira. Diana, desfilea eta ondoren, San Joan Alardea, Gipuzkoako antzinako foru milizien oroimenez, Udalbatza buru dela.
- 10:00. Meza Nagusia Andre Maria parrokian. Santa Maria Kaperak parte hartuko du. Ondoren, San Joan Bataiatzailearen prozesio tradizionala egingo da. Abitzerakoan, elkarteetako eskopetariek ordenantzetako salbak botako dituzte.
- Udal Agintariak prozesioan abiatuko dira udaletxetik, bordondantzariek, udal txistulariek eta musika bandak lagundurik. Erraldoiek parte hartuko dute ibilbide osoan. Elkarteetako eskopetariek ordenantzetako salbak botako dituzte betiko tokietan. Eskopetari konpainiak Euskal Herria plazan elkartuko dira azken tiro-jasak egiteko.
- 13:00. Kontzertua Berdura plazan, Musika Bandaren eskutik eta Tolosako eta Iruñeko udal txistulariek lagunduta.
- 16:45. San Joan bezperak Andre Maria parrokian.
- 17:00. Udalbatza, Musika Banda, txistulariak, bordondantzariak eta eskopetariak Plaza Zaharretik abiatuta Andre Maria plazan elkartuko dira. Ondoren, Arramelera joango dira.
- 17:15. Konpletak Arrameleko San Joan kaperan.
- 17:40. Udalbatza, Bordondantzariak, txistulariak, Musika Banda eta eskopetarien konpainiak Trianguloan bilduko dira, bertan azken tiro-jasak egiteko. Udalbatzak esku-aldatzeko soinua eskainiko du. Ondoren, Udalbatza Zumardiaundira joango da, bertan tradiziozko aurreskua dantzatuko baita.
- 19:00. Txosnagunean pintxo potea.
- 19:30-23:30. 'Kalean' txaranga kalez kale ibiliko da, herria doinuz alaitzen.
- 23:00. Suak: Astondoa Pirotekniaren eskutik.
Abaltzisketa
- 11:00. Meza nagusia, eta ondoren, herri argazkia eta herriko gazteen triki emanaldia. Bitartean, erretirodunentzako hamaiketakoa.
- 13:00. I. Aitor Toka Txapelketa.
- 18:00. Pilota partidak.
- 21:00. Herri afaria, eta ondoren, Mikel Artola eta Unai Mendizabal bertsolariak.
Belauntza
- 09:00. Txistulariak herrian zehar etxafuegoekin batera.
- 10:30-14:00. Haur jolasak.
- 11:00. Meza nagusia. Ondoren, elizako portikoan jarri den plakaren erakusketa txistulari eta dantzariekin. Jarraian, hamaiketakoa herriko tabernan, Zeberio eta Mañukorta bertsolariekin.
- 16:00-19:00. Haur jolasak. Ondoren, Iñaki magoaren emanaldia.
- 18:00. Zumba dantzaren erakustaldia.
- 20:30. Saiheski jatea barrikote eta sagardoarekin plaza inguruan, Jon Beloki eta Antton Arruti trikitilariekin.
Anoeta
- 12:00. Meza erretirodunei eskainia. Ondoren, heriko dantzariak.
- 14:00. Bazkaria Zuloaga Txiki jatetxean. Bazkalostean Amaia Agirre eta Txomin Azpiroz bertsolariak. Eta gero, dantzaldia.