Azkartasuneko Sega Txapelketan eskualdeko hamar segalari ariko dira

Maier Ugartemendia 2014ko ekainaren 19a

Gipuzkoako giza probako bigarren multzoko lehen fasea jokatuko du Berrobik igandean

Igandean, Gipuzkoako Azkartasuneko gizonezko eta emakumezkoen Sega Txapelketa jokatuko da Zizurkilgo Areta baserriko belardietan, 18:00etatik aurrera. Modalitate honek sail zati bat ahalik eta azkarren eta txukunen moztea eskatzen du.

Gizonezkoen mailan 13 segalari ariko dira lanean, horietatik zazpi eskualdekoak: Mikel Alkorta (Asteasu), Aitor Alkain (Asteasu), Peio Argaia (Zizurkil), Jokin Garmendia (Baliarrain), Joakin Garmendia (Anoeta), Juan Jose Lizaso (Asteasu) eta Oier Urkola (Anoeta). Segalariek 100 metro karratuko sail bat moztuko dute, eta azkarren egiten duten lau kirolariek bigarren sail bat moztu beharko dute. Emakumezkoen kategorian ariko diren hiru segalariak, berriz, eskualdekoak dira: Alatzne Etxaburua (Zizurkil), Alaitz Imaz (Hernialde) eta Ainara Otamendi (Ibarra). Segalari hauek 50 metro karratuko bi sail moztu beharko dituzte.

Giza Probako lehen fasea

Jada hasi da aurtengo Gipuzkoako taldekako giza proba txapelketa. Lehen multzoaren sailkapen faseko lehen proba hilaren 14n izan zen, eta bertan Heldu!-Orio taldeak egin zituen plaza gehien: 44 plaza, 2 zinta eta 4,10 metro. Berrobiko giza proba taldeak parte hartuko du aurtengo txapelketan ere, eta igandean 12:00etan Urretxuko probalekuan egingo den 2.multzoko sailkapen faseko lehenengo proban ariko da. Bertan Urola taldearen eta Tarinak-Deba taldearen aurka ariko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!