Hasi da eskuz binakako Santio Txapelketa

Asier Imaz 2014ko eka. 10a, 08:27

Hasi da Villabonako Eskuz Binakako Nagusien Santio Txapelketa. Euskal Herri osoko 24 bikotek hartuko dute parte, eta lehen hamasei bikotek final hamaseirenetako kanporaketa jokatuko dute. Gainontzeko zortziak final zortzirenetan zain izango dituzte. Partida guztiak astearteetan eta ostegunetan jokatuko dira, 19:00etan hasita. Finala, Santio festetan jokatuko da, eta txapelketa honetako irabazleek, beste sari batzuen artean, Gabonetan jokatuko den III. Antton Pebet Elite mailako txapelketarako leku bat eskuratuko dute.

Herriarteko txapelketa
Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren final laurdenetako partidak jokatu ziren asteburuan, joanekoak. Alegiak Lasarteren aurka galdu zuen 1-2, eta Asteasuk, Azkoitiaren etxean, 2-1eko garaipen handia lortu zuen. Jose Luis Zabala Alegiako ordezkariak, etxean jokatutako partidetan zaleek jarri zuten giroa azpimarratu nahi izan zuen. Kadeteetan lortu zuen garaipen bakarra Alegiak, nahiz eta kostata izan. Jubeniletan eta nagusietan ezin izan zuten 22ra iritsi. Itzulerako partida larunbatean izango da, Lasarten.
Asteasu txapelketa irabazteko faboritoetako bat dela erakusten ari da astea joan, astea etorri. Izen handiko aurkari baten aurka lortu zuten garaipena joaneko partidetan. Asteasutik Azkoitiara 53 lagun joan ziren autobusez. Hauen berotasunak lagunduta, 2-1eko emaitza lortu zuten eskualdekoek. Itzulerako partida ekainaren 13an izango da, 19:30ean. Andoni Iruretagoiena da Asteasuko taldearen ordezkaria, eta herritar guztiak deitu zituen frontoira, pilotariei berotasuna eta animoak ematera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!