EH Bilduk euskal errepublika askea aldarrikatu du

Ataria 2014ko ekainaren 2a

Tolosaldeko EH Bilduk euskal errepublika askearen aldeko hautua egiten duela nabarmendu nahi izan du gaur, Espainiako errege Juan Carlos I.ak abdikatuko duela iragarri duen egunean. "Norabide horretan indarrak biltzeko deia egiten diegu herritarrei", esan du.

Tolosaldeko EH Bilduk Juan Carlos I.a Franco diktadoreak izendatu zuela gogoratu du, "aurreko erregimenaren jarraipena 'lotuta eta ondo lotuta utziz'. Orain, abdikazioarekin, egungo estatu eredu ukatzailearekin jarraitzeko eta benetako haustura demokratikoa eragozteko saiakera egin nahi dute".

"Frankismotik eratorritako eredu politikoa krisi sakonean dago, erabat pitzatuta", gaineratu du, "krisi horren adierazle da erregimenaren oinarri diren PP eta PSOEren zilegitasun krisia (pasa den igandeko hauteskunde emaitzak horren lekuko). Espainiar eredu honek ez dauka agenda demokratikorik ez Espainiako estatuaren menpeko herriontzako ez herritarrentzako. Abdikazioarekin eredu ukatzaile zaharkitu horri nola edo hala eusteko ahalegina egin nahi du Erregimenak".

Euskal Herriaren ukazioa

Espainiar estatutik iristen dena Euskal Herriaren ukazioa dela esan du EH Bilduk, eta baita "diktadura frankistarekiko haustura demokratikorik eza" ere.

Alderdiaren iritziz, Juan Carlos I.aren abdikatzearekin batera "1977an abian ipini zuten
Frankismoaren erreforma fasea amaitu beharko luke. Izan ere, 37 urte geroago, Espainiako estatuaren menpeko herri guztion ukazioa bere horretan mantentzen da, benetako demokrazia eza agerian dago".

Abdikazioaren ondotik, "koroa buru batetik kendu eta beste batean jarri" nahi dutela ere esan du, eta horregatik egin die dei orain dela 35 urte haustura demokratikoa eragotzi zuten eragile politikoei, ez dezaten orain gauza berbera egin. Egin ezazue Euskal
Herriaren aitortzaren eta erabakitze eskubidearen aldeko hautua".

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!