Ekintzailetza sustatzeko egitaraua prestatu du Tolosaldea Garatzenek

Rebeka Calvo Gonzalez 2014ko eka. 2a, 12:15
Iker Fernandez, Galder Azkue eta Jon Zubeldia gaurko aurkezpenean
Tolosaldea Garatzenek, Lehiberri eta TPA mugimenduarekin batera Ekintzailetza Astea antolatu du. Zazpigarren aldia da antolatzen dutela, eta aurten bada berrikuntzarik; jendeak egindako eskaerak direla eta hitzorduetako bat larunbatean egitea adostu baitute, "pertsona batzuk ezin dute astean zehar etorri, eta eskaera horiei erantzun nahi izan diegu", esan du Jon Zubeldia garapen agentziako Ekintzailetza Saileko arduradunak. Ekintzailetza Astea ekainaren 9an hasi eta 14an bukatuko da. Ekitaldi guztiak doakoak dira, ekainaren 14ko tailerra izan ezik.

Zubeldiak azaldu duenez, egitarau "aberatsa" prestatu dute, "formatu eta erregistro desberdinak bilduz; hitzaldiak, tailerrak, mahai inguruak...". Egingo dituzten ekitaldien artean bada nabarmendu duten bat, Javier Iriondo kirolari ohi eta idazle adituak eskainiko duen hitzaldia, hain zuzen.

Iriondo zesta puntan aritu zen urteetan ospea lortuz, baina "une loriagarri" horiek bizitzea egokitu zitzaion bezala, ondoren, "infernura jaistea" tokatu zitzaion, eta porrota ezagutu zuen. "Hori eta gero, zerotik hasi zen eta orain bere esperientzia partekatzen du. Duen indar mentala, ametsak eta irmotasuna erakusten ditu hitzaldietan", esan du TPA Zuk Egin Dezakezu mugimenduko Iker Fernandezek.

Ekintzailetza Asteko ekitaldi guztiak, bat kenduta, Lehiberri zentroan izango dira. Ekainaren 13ko Javier Iriondoren hitzaldia da kanpoan egingo duten bakarra, Topic zentroan izango da. Iriondok hitzaldiaz gain, tailerra ere eskainiko du.

 

 
 

Egitaraua

  • Ekainak 9, astelehena: Ekiteko gakoak. 10 aholku praktiko hitzaldia, Bultz lan aholkularitza etxearen eskutik. 17:00etatik 19:00etara, Lehiberrin. Ekintzailetzan "zer ez den egin behar esango da eta zentzuzko aholku praktikoak eman", esan du Jon Zubeldiak.
  • Ekainak 10 eta 11, asteartea eta asteazkena: Bizi pozez ekin negozio ideia berriak sortzeko tailer praktikoa, Manahmana aholkularitza etxearen eskutik. 09:30etik 13:30era Lehiberrin. "Ekintzaile potentzialen bilgune izatea du helburu, eta bertan ideiak partekatu ahalko dira eta horrela ideiak aberastu".
  • Ekainak 12, osteguna: Nola prestatzen dira etorkizuneko gazte ekintzale gipuzkoarrak? izenburupean Mondragon Unibertsitateko Smash Coop.eko ikasleak izango dira Lehiberrin, 17:00etatik 19:00etara. Mahai inguruaren helburua gazte hauek prestatzen eman dituzten 4 urteen berri ematea da, eta Finlandian, Shangain, edo AEBetan izan dituzten esperientziak kontatuko dituzte.
  • Ekainak 13, ostirala: Javier Iriondoren hitzaldia TPA mugimendua, Ametsak: Buruko sendotasuna eta balioak izenburupean, 18:00etatik 20:30era, Topic-en.
  • Ekainak 14, larunbata: Patu berriruntz: ulertu, erabaki eta ekin tailerra Javier Iriondorekin. Lehiberrin, 09:30etik 13:00etara eta 15:30etik 18:30era.
  • Izen ematea: Doakoa da eta zubeldia@tolosaldea.net helbidean edo 943 65 45 01 telefono zenbakian egin daiteke. Ekainaren 14ko tailerrean parte hartzeko 38 euro ordaindu behar dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!