EAJk egungo egoera aztertu du Tolosako eragile ekonomikoekin

Iñigo Terradillos 2014ko mai. 29a, 12:02
Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua ere gonbidatu dute jeltzaleek.

Tolosa Prest ekimenaren barruan gonbidatu du Tolosako EAJk Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua. Herriko egungo egoera aztertzeko helburuz merkatari, ostalaritza, eraikuntza, finanatza erakunde eta nekazal munduko ordezkariekin bildu dira.

Olatz Peon Tolosako Udaleko EAJren zinegotziak azaldu duenez, "Tolosako EAJk kezka handia du industriaren gainbeherarekin eta merkataritzan eta ostalaritzan sortzen ari diren arazoekin". Arazo horiek gertutik ezagutzeko asmoz bildu dira eragile ekonomikoekin, "eurekin batera kezkak eta arazoak partekatu, eta ondoren proiektu ekonomikoa garatzeko". "Badakigu eragile ekonomikoek zailtasun handiak dituztela, eta horregatik hasi gara lantzen gure proiektua beraiekin", adierazi du Peonek. Halaber, Tolosa "tailer eta enpresa txikien herria" dela, asko familia proiektuak direla eta belaunaldien arteko ordezkapenak kezkatzen dituela jelatzaleak bereziki esan du.

Arantza Tapiak, bere aldetik, Eusko Jaurlaritzak ekonomiaren alorrean, eta batez ere, lehiakortasunaren alorrean dituen politikak azaltzea dela euren helburua esan du. "Industriari lotuta, eta baita merkataritzari eta nekazaritzari begirako egitasmoak azalduko dizkiegu eragileei", esan du. Bestalde, Tolosan merkataritza zaindu nahi dutela bereziki, azaldu du, "hiriburuekin batera, ikusten baitugu Tolosan pisu garrantzitsua duela merkataritzak". Hala, horren ekarpenak jaso nahi dituzte eragileen eskutik, "Jaurlaritzak ahal duen neurrian erantzun ahal izateko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!