Langabezian dauden herritarrak lan merkatuan sartzeko programa prestatu dute

Tolosaldeko Ataria 2014ko mai. 28a, 16:12
Tolosaldea Garatzenek eta Tolosako Udalak Eskualdeko Enplegu Programa diseinatu dute, eta Lanbideren bidez jarriko dute abian. Helburua langabezian dauden herritarrei lan merkatura sartzeko aukera ematea da, eta horretarako, besteak beste, enpresa txikiei laguntza eskainiko diete langileak hartu ditzaten. Programan parte hartzen duten enpresei diru laguntzen bidez kontratuen kostuaren %75a finantzatuko diete erakunde publikoek. Ibai Iriarte Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak eta Tolosako alkateak eman dio Atariari programaren berri. Eta Tolosaldea Garatzeneko Enplegu Saileko Leire Otaegi arduradunak ere planaren inguruko xehetasunak eman ditu.

Tolosako Udalak eta Tolosaldea Garatzenek, Lanbideren bitartez, Eskualdeko Enplegu Programan parte hartu nahi duten enpresei laguntzak emango dizkiete, hartara langileak kontratatu ditzaten. Tolosaldean kokatuta dauden enpresek hartu dezakete parte, eta honakoei kontratuen kostuaren, hau da gizarte segurantzaren eta soldaten, %75a finantzatuko diete, beti ere muga batzuekin. Hau da, hiru hilabeteko lanaldi osoko kontratua 3.000 euro arte finantzatuko dute, sei hilabeteko lanaldi osoko kontratua 6.000 euro arte, eta talde bereziren batekoa bada, 35 urte baino gutxiagokoa, azken 18 hilabeteetan hamabi hilabetez jarraian langabezian edoena edota diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen ari dena, 6 hilabeteko lanaldi osoko kontratuagatik 9.000 euro arte.

Programaren aurrekontua 424.674 eurokoa da eta horietatik 318.505 euro Lanbideren bitartez finantzatuko dituzte.

Eskualdeko Enplegu Programak hiru ardatz izango ditu: formazioa, ekintzailetza eta enplegua

Formaziorako Marketing eta Nazioarteko Salerosketa Zikloa eskainiko dute. Bigarren aldia da goi mailako ziklo hori eskaintzen dutena, eta oraingoan 12 langabetuk izangu dute Lehiberrin formatzeko aukera. Ondoren, inguruko enpresetan egin ahal izango dituzte praktikak.

Ekintzailetza sustatzeari dagokionez, hamar enpresa ekimen lagunduko dituzte. Iaz eskualdean 24 enpresa berri sortu ziren, eta 31 lanpostu.

Langabetuak kontratatzeko berriz, aipatutako diru laguntzak emango  dituzte. Denera 50 langabetu inguru kontratatzea da helburua, eta enpresek irailaren 15etik aurrera egin ahal izango dituzte eta kontratuak apirilaren 30a arte luzatu. Lan kontratuak lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekokoak izan daitezke, eta 3 eta 6 hilabete arteko iraupenarekin.

Interesa duten herritarrek nahiz enpresek Tolosaldea Garatzenera jo dezakete Lehiberrira gerturatuta edo 943 65 45 01 telefono zenbakira deituta edo lan@tolosaldea.net helbidera idatzita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!