Herriarteko Pilota Txapelketa hastera doa

Asier Imaz 2014ko mai. 8a, 12:00

Final hamaseirenetan, gaur, Alegia, Asteasu eta Amezketako pilotariek jokatuko dute

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa gaur jarriko dute martxan, bai behintzat esku pilotari dagokionez. Izan ere, zesta puntako partidekin igandean hasiko dira. Azken kategoria horretan, Tolosak ordezkatuko du eskualdea. Beotibarkoekin batera, Mutriku eta Zumaia ariko dira. Hasiera batean Donostiak ere taldea osatua zuen, baina azken unean, Herriartekotik kanpo geratzea erabaki dute donostiarrek. Tolosak lehen partida igandean jokatuko du, Mutrikun, 11:00etan.

Esku pilotari dagokionez, final hamaseirenetako partidak jokatuko dituzte ostiralean, eta lehen fase horretan, eskualdeko hiru herri sartuko dira lehian. Amezketak eta Alegiak elkarren aurka jokatuko dute, eta Asteasuk, Lezo izango du aurkari.

Zesta puntako txapelketa ligaxka moduan jokatuko da, eta esku pilotakoa kanporaketa eran. Kadeteek, jubenilek eta nagusiek binaka bina partida jokatuko dituzte, lehenik joanekoa eta ondoren itzulerakoa. Sei partida hauetatik gehien irabazten dituenak aurrera egingo du, eta bestea txapelketatik kanpo geldituko da. Berdinketa egonez gero, tanto kopurua hartuko da kontuan.

Aurtengo ezustekoa Asteasuk eman du, txapelketarako taldea osatu baitute. Duela lau urte atera ziren azken aldiz. Andoni Iruretagoiena Asteasuko Atzapar Pilota Eskolako kidea da, eta bikoteak osatzeko lanetan ibili da. Euren helburua kanporaketa gaindetzea dela esan du Iruretagoienak, eta hori lortuz gero, gustura liratekeela. Aurtengo parte hartzea ez da urtebeteko kontua izango asteasuarren kasuan, izan ere, gutxienez hiru urterako pilotariak badituztela esan du Iruretagoienak.

Asteasuk kadeteetarako Iker Elizegi, Ioritz Maiotz eta Julen Aizpuru dituzte; jubeniletarako Julen Irazusta eta Asier Mendizabal, eta nagusietarako Xabi Urbieta eta Jon Urbieta anaiak, eta Julen Urrusola eta Gaizka Iruretagoiena.

Lezoren aurka jokatuko dute lehen kanporaketa, etxetik kanpo, ostiralean 19:30ean, eta aurkariaren inguruan nagusien mailako Taberna bakarrik ezagutzen dutela esan du Iruretagoienak. Lezon ikusiko da kanporaketak zein kolore hartzen duen.

Eskualdeko beste bi herriak elkarren aurka ariko dira lehian, eta hauek ere, euren partidak bihar jokatuko dituzte Alegian, 19:30ean. Etxekoen aldetik, Gorka Altunak eta Aratz Irazustabarrenak jokatuko dute kadeteetan. Jubeniletan, Alex Goikoetxea eta Haritz Zabala aterako dira kantxara, eta nagusietan, Iñaki Artola eta Adur Murua.

Amezketakoei dagokionez, Xalton Zabalak ez ditu oraindik bikoteak aukeratu. Hori, atzoko entrenamenduan erabaki nahi zuen Zabalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!