Tolosaldeko Etxeratetik salatu dutenez, «Euskal Herrian bizi dugun egoera berri honetan, dispertsio politikak inoiz baino indar handiagoz jarraitzen du, presoen eta senideen eskubideetan urraketa areagotuz». Hala, presoak zein iheslariak, nahiz senideak «xantaia politiko» moduan erabiltzen dituzte euren ustez.
Herri dinamika
Presoen eta iheslarien senideen elkartetik azaldu dutenez, helburua dinamika hau erabat herritarra izatea da: «milaka herritarren parte hartzearekin sakabanaketaren aurkako salaketa pilotalekuetara iristea nahi dugu, gizartea kontzientziatuz eta inplikatuz, guztion artean egoera aldatu eta gure senideen eskubideak errespetatuak izan daitezen. Honekin urte luzeetako lanari bultzada eman nahi diogu, eta horretarako bidelagun izango ditugu bere sustraiak Euskal Herrian dituen kirola, hau da, euskal pilota, eta nola ez, baita euskal herritarron bilgune izan diren pilotalekuak ere».
Ikuspegi nazionala duen ekimena da Pilotakadaz pilotakada, baina, herrialde bakoitzak (Nafarroak, Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Iparraldeak) parte hartzeko eta txapelketarako diseinu propioa izango du. Gipuzkoaren kasuan, maiatzaren 10etik aurrera astebururo eskualde batek antolatuko du.
Tolosaldearen txanda maiatzaren 24an izango da, eta Zizurkilgo pilotalekuak eta zimiterioak hartuko du ekimena. Goizean jokatuko dituzte partidak: Batetik, paxaka modalitatean ariko dira, 16 urtetik aurrerako neska-mutilak; bestetik, esku pilotan, 8 eta 12 urte bitarteko, 13 eta 16 urte arteko eta 16 urtetik gorako neskak eta mutilak ariko dira; eta, azkenik, palan ariko dira, 15 urte arteko eta 15 urtetik gorako neskak.
Partida horiek bukatu ostean, Zizurkilen bertan bazkaria egingo dute, eta 16:00etan jarraituko du txapelketak, 18:00ak bitarte jokatuko direlarik finalak. Nahi duen herritar orok parte hartu ahalko du, Etxeratek utzitako zenbakira hotz eginda, nahiz esku pilotako eskolen bitartez. Izen ematea borondatezkoa izango da, eta parte hartzaile guztiek jokatzeko ekimeneko elastikoa jasoko dute opari.
Etxeratetik esan dutenez, pilota munduko hainbat pertsonarekin eta beste zenbait talderekin batera antolatu dute txapelketa, eta eskerrak eman dizkiete Zizurkilgo eta Tolosako Udalei, gaztetxeei, eta oro har, babesa eman dieten guztiei.
Amaiera bateratua
Euskal Herriko lurralde bakoitzak ekimena bere erara egingo badu ere, amaiera bateratua emango zaio, egun berean Euskal Herriko bost pilotalekutan batera egingo den ekitaldi banarekin. Ekainaren 29an izango da, eta Gipuzkoari dagokionez, Tolosan egingo dute, Beotibar pilotalekuan. Partidak jokatuko dituzte lehendabizi, eta ondoren ekitaldi politikoa egingo dute. Hori bukatuta, parte hartzaile guztiak Zerkusian elkartuko dira bazkaltzeko.
Euskal Herriko herri eta auzo guztietako pilotalekuetara iritsi nahi du Etxeratek, eta handik sakabanaketaren aurkako, giza eskubideen urraketen aurkako eta euskal preso eta iheslari politikoen etxeratzearen aldeko mezua zabaldu nahi du. Hala, herritar guztiak animatu ditu «dispertsioaren aurkako pilotakada» ematera, «ekimen hau aurrera ateratzeaz gain, ekimenaren helburua den sakabanaketarekin amaitzea lortzeko guztien beharra izango baitugu».