Olasagastik eta Irazuk atzo zuten hitzordua Tolosako zezen plazan. 12 oinbiko ebaki behar zituzten eta lehiak ikusmina sortu zuen, jende asko joan zelarik apustua ikustera.
Urtarrilean adostu zuten apustua, eta hilabete hauetan entrenatzen aritu dira bi aizkolariak. Zizurkilgo Irazuk Atariari esan zionez, egurra berak aukeratutakoa izatea abantaila handia zen, baina bazekien Olasagasti esperientzia handiko aizkolaria izanda asmatuko zuela erabili beharreko tresnekin. Eta baita asmatu ere. Ordu bete, lau minutu eta 36 segundotan bukatu zuen lana Olasagastik, eta zizurkildarrak aldiz, ordu bete, bederatzi minutu eta 33 segundo behar izan zituen.