Euskal presoek bizi duten krudelkeria salatu dute Aiztondora Egunean

Tolosaldeko Ataria 2014ko api. 26a, 15:53
Aldarrikapenak eta jai giroak bat egin dute Larraulen. Goizean, pilota partidak jokatu dira, eta bazkalostean, trikitilariekin kantu saioa egin dute.

Euskal preso politikoak gerturatzeko aldarrikatu dute Aiztondo bailarako udal hautetsiek. Udal horietan onartutako mozioa irakurriz hasi dute Aiztondora Eguna. Bertan ziren, Alkizako alkate den Jon Umerez; Asteasuko alkate Pili Legarra; Laura Santos, Amasa-Villabonako zinegotzia; Arantza Aburuza, Adunako zinegotzia; Zizurkilgo zinegotzi den Eba Usandizaga; eta denen izenean hitz egin duen Xabier Mujika, Larraulgo alkatea.  

Mujikaren esanetan, euskal presoak "ez dira preso arruntak" eta 25 urte beteko dituen dispertsio politikaren bidez, presoen eskubideak urratzen dira, agintean dauden alderdien "unean uneko interesen arabera". Senide eta lagunak ere gogoan izan dituzte, izan ere, astebururo "errepideak betetzen dituzten familiak daude, soilik 40 minutuz preso duten senitarteko edo laguna ikusteko". Horren arriskua salatu dute. 

Hori dela eta, sakabanaketa politika horrekin amai dezaten eskatu diete Espainiar eta Frantziar estatuei: "Preso eta iheslarien kolektiboek urratsak eman dituzte Euskal Herriak bizi duen egoera historiko honetan, beren ekarpena egiteko. Abagune sozial eta politiko honetan milaka kilometrotara euskal herritarrak izateak ez hanka eta ez buru ez duen politika da. Mina eta gorrotoa eragiten duena soilik". Bi estatuei behartzeko indarra, berriz, herritarrek dutela azaldu dute: "Herri borondate masiboak behartuko dituzte bi estatu antidemokratiko hauek, euren posturak aldatzea". 

Bestalde, Aiztondoko presoak ere gogoan izan dituzte. "Une honetan gertuen dagoena Ocaña da, eta Toledon dago. Urrutiena, berriz, Puerto Santa Marian, 1.000 kilometro baino gehiagora". 

Aldarrikapen horiek, ukitu instituzionaletik kalera egin dute salto ondoren. Dena den, jai giroa ere ez da falta izan. Goizean zehar, pintxoak dastatzeko aukera izan dute. Bailarako pilotari gazteek ere partida onak eskaini dituzte pilotalekuan. Bapo bazkaldu ostean, berriz, kantu saioa egin dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!