Tolosaldeak badu erabakitze eskubidearen aldeko gunea

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko apirilaren 22a

Eskualdeko 'Gure Esku Dago' egitasmoaren erreferentziazko puntua abian da jada; denda zabaldu dute Tolosako Rondilla kalean eta, materiala eskuratzeko aukeraz gain, ekainaren 8ko giza-katean parte hartzeko aukera ere izango da establezimenduan.

Tolosaldeko Gure Esku Dago egitasmoak gune berria zabaldu du Tolosan, Rondilla kalean. Arratsaldean bertan inaugurazio ekitaldia egin dute eta ekainera bitarte zabalik izango da.

Erabakitze eskubidearen aldeko giza-katearen inguruko informazio guztia jaso ahal izango da bertan, eta baita giza-katean bertan parte hartzeko izena eman ere. Bide horretan, egitasmoko materiala ere salgai izango dute.

Denda zabalik izango da asteartetik ostiralera, 18:00etatik 20:30era bitarte, eta larunbatetan, 11:00etatik 13:30era bitarte. Horrez gain, aipatzekoa da Tolosaldeko herrietan ere izen-emate mahaiak jarriko dituztela giza-kateari begira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!