Sahara

Amasa-Villabonako eta Orexako Udalak Sahararekin senidetuak

Tolosaldeko Ataria 2014ko api. 16a, 11:26
Tolosaldeko udal ordezkariak Saharara joango dira apirilaren 19an elkartasuna adieraztera

Tolosaldeko hainbat udal ordezkari Saharara joango dira hilaren 19an, larunbata «elkartasuna adierazi» eta bertan bizi duten «egoeraren berri lehen eskutik» izateko. Ekimen honen berri eta Orexako eta Amasa-Villabonako Udalek Sahararako bidaiaren edo herrirekin egindako senidetzearen berri eman zuten astelehenean Amasa-Villabonan eskainitako prentsaurrean. Bertan izan ziren Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideak eta baita Orexako, Amasa-Villabonako eta Ibarrako udal hautetsiak ere.

Prentsaurrekoan Eneko Maiozek, Orexako alkateak, eskualdean saharar herriarekiko babes ekimenak «asko eta ezberdinak» izan direla gogorarazi zuen: «elkartasun karabana, kanpamenduetara bidaiak, lankidetza edota sentsibilizazio kanpainak, oporrak bakean, etab...».

Honela, konpromiso politikoan «sakondu» nahi dutela azpimarratu zuen eta horretarako Amasa-Villabonako eta Orexako Udalak errefuxiatuen saharar kanpamenduetako Daira banarekin senidetuko direla jakinarazi zuen. Senidetze hauek «elkartasun ikur» diren arren, herritarrek saharar herriaren aldeko ekimen ezberdinetan duten «jarrera proaktiboa» eskertu nahi izan zuen, berauek gabe «ezinezkoa» litzatekeelako datorren astean burutuko dituzten senidetzeak aurrera eramatea.

Politikoki ere bake prozesua eta autodeterminazio eskubidea «babestu» nahi dute, eta Marokok okupatutako lurraldeetan bizi den egoera «ozenki» salatu nahi dute.

Hortaz, saharar herriari «babes politikoa» azaltzeaz gain, errefuxiatuen kanpamenduen egoera «bertatik bertara» ezagutu nahi dute, «gure herrietatik zertan lagundu dezakegun hobeto aztertzeko». Horretarako, Saharara egingo duten bidaian errefuxiatuen kanpamenduetan «eragile ezberdinekin» bilduko dira.

Azkenik, Tolosaldea Sahararekin elkarteari eta Euskal Fondoari «eskerrik onena» adierazi nahi izan zien saharar herriarekiko elkartasunean egindako «lan izugarriagatik» eta larunbatean abiatuko duten bidaia antolatzen «laguntzeagatik». Eta aurrera begira ere, Tolosaldeko udalek saharar herriarekiko elkartasunean «koordinazioa hobetzen» saiatzeko beharra ezinbestekoa dela azpimarratu zuen Maiozek; bai lankidetza edota laguntza humanitarioen arloan, eta baita elkartasun politiko zein sentsibilizazio sozialeko ekimenetan ere. Honela, gainontzeko udalei beren harremanetan «sakontzeko» ere eskatu nahi izan zieten udal ordezkariek.

Egoera kezkagarria

Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideen izenean Agustin Agotek hitz egin zuen. Lehenik, Orexako eta Amasa-Villabonako Udalak «zoriondu» nahi izan zituen, Saharako herriekin senidetzeagatik. Eta eskualdean jada sei herri senidetu direla gogorarazi nahi izan zuen. Hala ere, Tolosaldean bezala Saharako kanpamenduetan 28 Daira edo herri daudela jakinarazi zuen, eta hortaz, oraindik beste 22 herri «bata bestearekin» lotzea helburu dutela jakinarazi zuen.

Duela gutxi saharar kanpamenduetan egon dira eta bertan aurkitu duten egoera benetan «kezkagarria» dela aipatu zuen Agotek. Izan ere, laguntzak «gero eta urriagoak» omen dira eta honek bai helduen eta bereziki baita haurren elikaduran eragin handia omen du. Baina, arazoak hezkuntza arloan eta osasun arloan ere badituzte. Lehenean, gaztetxoak ikasteko aukerarik gabe geldituko direlako, eta bigarrenean medikazio faltagatik, «oso gutxi» jasotzen ari baitira. Honegatik guztiagatik, jendarteari lanerako gonbitea egin zion Agotek, «lan asko dagoelako egiteko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!