Eskualdeko Artola eta Erasun pilotariek jantzi dituzte Migel Soroa txapelketako txapelak

Ataria 2014ko apirilaren 12a

II. Ogi Berri Migel Soroa Txapelketa bukatu da. Gaur jokatu dira jubenil, 21 urte azpiko eta nagusien mailako partidak Tolosako Beotibar pilotalekuan, eta eskualdeko pilotarien artean, garaipena Erasunek eta Artolak eskuratu dute. Peña eta Labakak bigarren postuarekin konformatu behar izan dute.

Arratsaldeko bostetan hasi da pilotazaleen festa Beotibarren jubenilen mailako pilota partidarekin. Peña eta Martijak 20-22 galdu dute Laso eta Martinezen aurka. Hala ere, lau pilotarietan onena Jon Ander Peña tolosarra izan da. Partidu orekatua eta gogorra jokatu dute. Txalo zaparrada ederra jaso dute partidaren amaieran.

 

Bigarren partidan, bi eskualdeko pilotari aritu dira elkarren aurka. Erasun atzelari zizurkildarra eta Labaka aurrelari albizturtarra. Kasu honetan, zizurkildarrarentzat izan da txapela aurrean Dario lagun zuela. Labaka eta Imaz bikotea 16 tantotan geratu dira. 21 urtez azpiko partidan, pilotaririk onena Dario izan da, pilotari abiada izugarria emanaz, eta batik bat azken tantoetan, Labakaren ahulaldiak aprobetxatuz. Hala ere, lau pilotariek lan bikaina egin dute.

 

Nagusien mailako partidari oihu artean eman zaio hasiera. Artola alegiarrak zale asko eraman ditu gaurkoan ere pilotalekura. Iñaki Artolak, Gorriti izan du lagun atzeko koadroetan, eta Arrieta eta Arratibel izan dituzte aurkari. Ogi berri Migel Soroa Txapelketari amaiera emateko partida bikaina izan da, eta Artola eta Gorriti nagusitu dira aurkariak 20 tantotan utziz.

 

Pilotaririk onena, alegiarra izan da nahiz eta ez du bere egunik onena izan. Aurreko koadroetan lehia polita eskaini dute bi aurrelariek.

Beotibar pilotalekua jendez betetzen joan da orduak pasa ahala, eta itxura ederra izan du hiru pilota partidetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!