Eskualdeko hainbat iheslari etxerako bidean

Tolosaldeko Ataria 2014ko api. 1a, 10:04

Eskualdeko hainbat iheslari beraien herrietara itzultzen hasi dira, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak emandako urratsaren harira. Tolosaldeko Ataria-k jakin duenez, horietako batzuk Kolektiboak Arrangoitzen egindako adierazpenaren egun berean itzuli ziren beraien sorterrietara, martxoaren 22an, beste batzuk, hurrengo egun eta asteetan itzuliko dira.
Tolosaldean guztira sei iheslarik hartu dute itzulera ekimenean. Hauetako batzuk hileko azken ostiraleko elkarretaratzeetara joan ziren, euskal presoen eskubideen aldeko aldarriarekin bat egitera.
Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak Arraitzen egindako agerraldian «iheslariak bide orria gauzatzen» hasiko direla azaldu zuten, «konponbiderako nahia oinarri». Iheslariek kanpora joateko erabakia «aske izateko» hartu zutela diote, eta orain, arrazoi berarengatik itzultzea erabaki dutela gaineratu dute:  «Herriarekin batera konponbide prozesua bultzatzera goaz! Euskal Herrian luzaz pairatutako gatazka politikoak eta haren ondorioek soluzioa behar dute. Konponbidearen alde urratsak egiteko garaia da, eta guk ere Euskal Herriaren geroari itxaropenez eta ilusioz begiratu nahi diogu. Inoiz inork bere sorterritik ihes egin behar ez dezan». Aldebakarreko bidean emaniko urratsa dela argi dute, baina pausu «atzeraezina» izatea nahi dute: «Argi dago Frantziak eta Espainiak oraindik ez dutela bat egiten guztiok irabaziko genukeen prozesu demokratiko baten egituratzearekin. Herri hau, errepresio eta biolentzian, iraganean, bizitzera kondenatu nahi dute. Alta, Euskal Herrian eta nazioartean, indarrak biltzen ari gara, egiten den urrats bakoitza atzeraezina izan dadin, eta aukera berriak ireki ditzan». Eta bide horretan, bakarrik ez daudela gogoratu dute: «Hurbileko ditugu erbestean izan diren lagun horiek guztiak, hurbileko ditugu ere elkartasuna erakutsi diguten milaka eta milaka herritarrak, eta hurbileko izan nahi dugu, begirunez, agertoki justu eta baketsua nahi duen herritar oro».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!