Aldundiak 1.750.000 euro banatuko ditu baserritarren artean

Tolosaldeko Ataria 2014ko martxoaren 18a

Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.750.000 euro banatuko ditu aurten nekazarien artean. Mendi-nekazaritzaren berezko zailtasunak konpentsatzeko eman ohi dira laguntza hauek.

2014. urteko deialdia da orain onartu dena eta eskaerak ustialeku bakoitzaren kokalekuari dagokion eskualdeko nekazaritza bulegoetan aurkeztu ahal izango dira, maiatzaren 15a bitartean, eskaera bakarra modalitatean, zuzeneko ordainketako eta azalerako erregimenei dagozkien gainerako laguntzekin batera.

Aurten nekazari bakoitzak 250 euro jaso ditzake hektareako, Europako legediak lagatzen duen kopururik handiena eta iaz baino 10 euro gehiago hektarea bakoitzeko. Guztira pertsona fisikoen kasuan gehienez 4.500 euro emango dira eta pertsona juridikoen kasuan 13.500 euro.

Hauek dira laguntza horren helburuak: 

  • Nekazaritza lurren etengabeko erabilera ziurtatzea.
  • Nekazaritza sistema iraunkorrak mantendu eta sustatzea.
  • Nekazariak konpentsatzea ekoizpenaren baldintza mugatzaileek eta neurri murritzek dakarten errenta txikiagatik

Diru-laguntza horiek nekazari profesionalek bakarrik eska ditzakete, eta ustialekuaren bideragarritasuna egiaztatu behar dute. Baldintzak betetzen dituzten baserritar guztiei emango zaie diru-laguntza, alegia, ez dira lehiaketa bidez banatuko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!