Espainiako Gobernuak auzitara eraman du Tolosako Udala

Tolosaldeko Ataria 2014ko mar. 18a, 12:36
Gipuzkoako Udalek ohartarazi dutenez, Espainiako Gobernuak 37 udal salatu ditu iaztik, tartean Anoeta, hizkuntz irizpideak ezartzeagatik. Tolosa eta Beizama auzitara ere eman ditu.

Kontratazioetako hizkuntz irizpideen aurkako "erasoari" erantzuteko, Gipuzkoako hainbat udalek agerraldia egin dute Donostian. Jakinarazi dute Espainiako Gobernuak 26 udal salatu dituela aurten, ustez hizkuntz irizpideak ez betetzeagatik, eta iaz beste 11 udalen aurka egin zutela, tartean Anoeta. Tolosa eta Beizamako udalak auzitara eraman ditu, halaber.

Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara zuzendari Zigor Etxeburuak azaldu duenez, Espainiako Gobernuak dio haren eskumena dela kontratazioen gaia. Eusko Jaurlaritzak, ordea, kontratazioetan hizkuntz irizpideak aplikatzera derrigortzen ditu udalak eta diputazioa. "Horma baten kontra gaude. Baten arauak eta bestearen inposizioak ditugu parez pare. Harrapatuta gaude, euskarari behar duena eskaini ezinik".

Lezoko alkate Ainhoa Zabalok euskaren garapenaren aurkako "gorrotoarekin" amaitzeko exijitu dio Espainiari. Etxeburuaren esanetan, Espainiako Gobernuak "betikoa" du espainiera "inposatzeko" eta euskara "debekatzeko" politika. "Euskara galtzea du azken helburu. Espainieraz bizitzera behartzen gaitu eta bortxa du bide bakarra". Argi utzi du ez dutela onartuko "gutxiespen" hori, eta nabarmendu du Europako estatu hizkuntzek elkarri aitortzen dioten "berdintasuna" gura dutela.

Laguntza Eusko Jaurlaritzari

Diputazioko euskara zuzendariak jakinarazi du laguntza eskatu diotela Eusko Jaurlaritzari, egungoa baino marko legal "zehatzagoa" eta "eraginkorragoa" osatzeko. Euskara berreskuratzeko bidean ezinbestekoa dela uste du. Bi hilabete igaro dira babes eskaera igorri ziotenetik, baina oraindik ez dute erantzunik jaso. "Eta okerragoa dena, ez du inolako iniziatibarik erakutsi Gipuzkoako erakundeek pairatzen ari garen egoerari irtenbidea eskaintzeko". Halere, Etxeburuak ziurtatu du hizkuntz irizpideetan hasitako bideari eutsiko diotela, eta "beharrezko neurriak" adostu eta ezarriko dituztela: "Gure barne antolaketaren kontra egin du gobernuak, baina gu aurrera goaz. Nahi badu epaitegietan ikusiko dugu elkar".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!