Eskualdeko familien beroa behar, oporrak bakean pasatzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko mar. 13a, 10:38
Naiara Lopetegi eta Ibai iriarte, eskualdeko beste udal ordezkariekin, 'Oporrak bakean' programa aurkeztan
Ohiko irudia zaie Tolosaldeko herritarrei, saharar kanpamenduetako haurren etorrerarena. Uda joan eta uda etorri, beren bizilekuko baldintza gogorretatik ihesi etortzen dira Euskal Herrira eta eskualdera, eta aurtengo udan ere beharko dute elkartasuna. Oporrak bakean egitasmoa martxan da berriz ere, eta Tolosaldea Sahararekin elkarteak eta eskualdeko hainbat udalek parte hartzeko deia egin nahi izan diete familiei.



Euskadiko Frente Polisarioaren Ordezkaritzak antolatutako programa da Oporrak bakean delakoa, eta saharar errefuxiatuen kanpamenduetan jaio eta bizi diren 7 eta 12 urte bitarteko haurrak bi hilabetez Euskal Herrira ekartzea du helburu.

Programan parte hartzen duten haurrak desertuan jaiotakoak dira eta beren bizimodu gogorra nabarmendu nahi izan du Tolosaldea Sahararekin elkarteak: «Basamortuan jaio eta haztera behartuak izan dira, Marokok okupaturik duen lurraldean. Mauritaniako Gobernuak, Espainiako Gobernuak eta Marokoar erregimenak adostu zuten hori hitzarmen bat sinatuz, eta beren lurralde den Mendebaldeko Saharatik urrun bizi dira».

Udako bi hilabetetan Euskal Herrira etorriz neska-mutilen osasun baldintzak asko hobetzen dira, besteak beste, mediku azterketak egiten dizkietelako, eta indartuta itzultzen direlako: «Udan, basamortuan, 60 gradu inguruko tenperaturak izaten dituzte, eta Tolosaldean egiten duten egonaldiaren ondoren bitamina nahikoa hartzen dute, kanpamenduetako negu hotzari aurre egiteko. Indartu egiten dira, elkartasuna sentitzen dute eta jasoz gero eman ere egiten dute», nabarmendu zuen Ibai Iriarte Tolosako alkateak.

«Azkena izan dadila»

Naiara Lopetegi eta Ibai Iriarte izan ziren agerraldian, Tolosaldeko udalen ordezkari. Eurak eta Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideak bat etorri ziren, eta Oporrak bakean egitasmoaren «azken urtea» izatea nahi dute.

Azken urtea balitz, sahararrak beren lurraldera itzuliko lirateke; oraindik, ordea, euskal elkartasunaren beharrean daude haur horiek. Udal ordezkariek, gainera, esperientziak bertako familiei ematen dien guztia azpimarratu dute: «Programa hau aukera ezin hobea da eskualdeko familientzat, esperientzia berri bat bizi eta beren etxeak ume hauei ireki eta beraiekin batera ikasteko».

Izan ere, orain arte parte hartu duten familia guztiek nabarmentzen dute bizipenen aberasgarritasuna, bai haurrentzat eta baita bertakoentzat ere: «Euskaldunok sentsibilitate berezia dugu Mendebaldeko Sahararekin, eta Oporrak bakean programan parte hartuz guk beraiengandik ikasiko dugu, eta beraiek gugandik», dio Iriartek.

Badira jada 14 urte, Tolosaldera lehen haur sahararra iritsi zela. Orduz geroztik ehunka neska-mutilek ezagutu dituzte euskal lurraldeak, eta azken uda izate horretan, familiei dei egin diete. Interesa dutenek eta informazioa eskuratu nahi dutenek, eskualdeko udaletako gizarte zerbitzuetara joan beharko dute, eta handik koordinatuko dute guztia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!