Eskola txikien XII. Kirol Topaketak, martxoaren 14an

Ataria 2014ko otsailaren 25a

Tolosaldeko Eskola Txikien XII. Kirol Topaketak Tolosako Usabal kiroldegian izango dira, eta bertan 3.,4.,5. eta 6. mailako ikasleek hartuko dute parte.

Gipuzkoako Eskola Txikien elkarteak azaldu duenez, topaketen helburuak bi dira; ikasleen arteko harremanak bultzatzea eta kirol praktika sustatzea. Topaketak martxoaren 14an izango dira, 09:45etik 12:05era.

Ikasleak bi mailatan antolatu dituzte, batetik, 3. eta 4. mailakoak ariko dira, eta bestetik 5. eta 6. mailakoak. 6 kidetako taldeak egingo dituzte eta talde hauetan eskola desberdinetako gazteak egongo dira.

Usabal kiroldegian

Tolosako kiroldegian kanpoko futbol zelai handian eta txikian ariko dira. Handian lokotxak, idazketa kooperatiboa, brileta, errelebeoak, azeriak olioak eta sugeak, eta baloi eseria izango dira jolasak. Eta txikian zakuak, sokasaltoa, txingak, sokatira, zapitxoa eta buztanak kentzea.

Guztira 15 eskola txikik hartuko dute parte, eta horietako 11 eskualdekoak dira; Abaltzisketako Txalburu, Adunakoa, Albizturgoa, Alkizakoa, Altzoko Imaz Bertsolaria, Berastegiko Muñagorri, Berrobiko San Andres, Bidegoiango Txinkorta, Ikaztegietakoa, Lizartzako Juan XIII eta Zizurkilgo San Millan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!