PSE-EEk dio Tolosaldeko Mankomunitateko lehendakariak, Ainhoa Ugaldek, sinatutako gutun bat iritsi zaiela herritarrei hondakinak biltzeko kuboa ez jasotzeak dakartzan ondorioak bilduz. Hori dela eta, gutun bat bidali diote Ugalderi galdetuz ea zein neurri hartuko dituzten kuboak jaso ez dituzten bizilagunen aurka. "Bilduri eskatzen diogu atez ateko sistemaren kontra dauden herritarrei ez erasotzeko, eta darabilen inposaketa politika uzteko", esan du PSE-EEk.
Alderdiaren Gipuzkoako Ingurugiro idazkariak, Denis Itxasok, Bilduk "herritarren kontra erabiltzen dituen bortxazko moduak" gaitzetsi ditu eta "nazkatuta" dagoela esan du. "Herritarren borondateari aukera ematen ez diona Bildu da, eskualdeko bizilagunen iritzia gutxietsi duelarik behin eta berriz", gaineratu du Itxasok.