Udalak hondakinen gaikako sistema aldatzea «herriari kontsulta egin gabe» erabaki duela salatu dute Tolosaldea Txukunekoek, eta atez ateko bilketa edukiontziez egindakoa baino garestiagoa dela diote esku-orrian: «Horrez gain, Ikaztegietako Udalari tokatuko zaio herrian egin beharreko inbertsioaren gastuak ordaintzea; txintxilikarioak, kuboak eta beste, eta ondorioz, gehiago ordaindu beharko da».
Tolosaldea Txukunetik zehaztu dutenez, «mankomunitatearen txostenean oinarrituz, informatzen dute Irura, Anoeta, Zizurkil eta Alegiko bilketa 141.217 euro kostatzetik 372.295 euro kostatzera pasa dela, 2,6 aldiz garestituz. Baita ere esaten dute Villabonan, atez atekoa ezarri ondoren bilketa sistema 4 aldiz garestitu dela, 58.148 euro kostatzetik, 235.499euro kostatzera». Plataformatik ikaztegietarrek zenbat gehiago ordaindu behar duten galdetzen dute. Atez atekoa «inposaketa» bat izan dela diote Tolosaldea Txukunetik, eta herritarrei desadostasuna adierazteko balkoietan poltsak jartzeko gonbitea luzatu diete.
Azkenik, birziklatzearen alde daudela argi utzi nahi izan dute plataformatik: «Bilketa sailkatua bultzatzen dugu bosgarren edukiontziaren bidez». Horrez gain, ondorengo galdera ere egiten dute Tolosaldea Txukunetik: Igeldon galdeketa egin badute, Ikaztegietan zergatik ez?