Eskualdeko Urte Zaharreko krosak

Ataria 2013ko abenduaren 31

Urteko azken egunean ohikoak dira herriz herri antolatzen diren krosak. Tolosaldean ere arratsaldeko lehen orduetan egin dituzte lasterketak, Zizurkil eta Villabonan, Alegian, Berastegin, Ibarran eta Tolosan.

Laugarren aldiz antolatu dute gaur Alegian Urte Zaharreko Krosa. Ehun lagunetik gora aritu dira lasterka herriko kaleetan zehar. Helduenek bost kilometroko luzera duen ibilbidea egin behar izan dute. Parte hartzaile guztien artean sariak banatu dituzte krosaren amaieran.

Tolosan, Samaniego ikastetxeak antolatzen du urtero Urte Zaharreko krosa. Colombiako Cauca bailaran martxan den "Mando Liburuzaina" proiektura bideratzen dute bildutako dirua. Alde Zaharrean itzuli motza egin behar izan dute gaztetxoenek eta nagusienek berriz San Frantzisko ibiltokian barrena bi buelta egin behar izan dizkiote zirkuituari. Umorez hartu dute askok eta mozorrotuta egin dute bidea.

 

Zizurkil eta Amasa-Villabona herrien artean, 30. aldiz egin da aurten lasterketa. 713 korrikalarik hartu dute parte, eta beste hainbat ikusle izan dira parte-hartzaileak animatzen.

Sailkapena ikusteko sartu herrikrossa.com webgunean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!