Handitan bete nahiko luketen amets gozoena betetzen

Mikel Iraola 2013ko aza. 7a, 11:24
Realeko lehen taldeaz gain, jubenilak ere maila horretako Txapeldunen Liga, Youth League deiturikoa, ari dira jokatzen, tartean eskualdeko bi gazte: Odei Arrieta tolosarra eta Josu Ibarbia ibartarra

Txapeldunen Liga lehiaketa berezia da, handienetan handiena. Europako talde eta futbol jokalaririk hoberenak batzen ditu, eta izugarrizko zirrara pizten du zaleengan. Talde indartsuenen helburua kopa irabaztea den bitartean, txikienek handiei garaitzearekin amesten dute. Futbolari hasiberri guztiek, noizbait txapelketa honetan jokatzea dute buruan.

Reala bezalako talde txiki eta umilek, berriz, noizbait izarren ligan egotea dute amets. Zenbaitetan, oso noizean behin bada ere, horrelako ametsak egi bihurtzen dira, eta gaur, Xabi Prieto, Markel Bergara, Imanol Agirretxe, Mikel Gonzalez, eta konpainia, txikitan behin eta berriz amestu zuten hura bizitzen ari dira. Eta beraiekin batera, milaka realzale.

Jokalari horiek, heldu izandakoan lortu dute ametsa betetzea, baina badira gaztetan ere, helduago direnean lortu nahiko luketen hori lortu dutenak. Izan ere, txuri-urdinen lehen taldeaz gain, jubenilen taldea ere maila horretako Txapeldunen Ligan, Youth League deiturikoan, ari da lehiatzen. Tartean dira eskualdeko bi gaztetxo: Odei Arrieta tolosarra eta Josu Ibarbia ibartarra.    

Reala Txapeldunen Ligan sailkatzeak ekarri zien saria hauei. Txapelketa bereko taldeen aurka lehiatzen ari dira, eta momentuz, ez dihoakie batere gaizki. Shakhtar, Manchester eta Bayer Leverkusen bezalako taldeak garaitzeko gai izan da, eta lau partiden ondoren, sailkapeneko buruan da, bakarrik.

Lehen hiru partidak irabazi zituzten txuri-urdinek. Asteartean, ordea, ezin izan zuten garaitu Manchester Zubietan. Reala gehiago izan bazen ere, ingelesek fisikoa eta izandako aukera urriak aprobetxatu zituzten 0-2 irabazteko.

Txanpain botila prest zuten, izan ere, irabaziz gero, final zortzirenetarako txartela eskuratuko lukete. Ez zen posible izan. Aurretik bi partida dituzte, Ukrainian, eta berriz ere, Donostian. Txanpainak itxaron egin behako du momentuz, baina nork daki, handitan ere txanpaina ateratzeko gai izango ote diren...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!