«Familiak elkarren artean elikatzeko bide bat da Altzoan»

Jon Miranda - Naiara Roldan de Aranguiz 2013ko urr. 30a, 11:44
Altzoan gurasoen elkarteak izen bereko astea antolatu du egunotan. Amaia Igartuak, Eli Trojaolak eta Itziar Saenz de Ojerrek elkarteaz eta lokal berriaz hitz egin dute.

Altzoan guraso elkarteak haurren hezkuntzari buruzko hausnarketa astea antolatu du. Astelehenean «La educación prohibida» dokumentalaren proiekzioak hasiera eman zion aipatu ekintza aste honi.
Gaur, Tolosako kultur etxean Bizitoki egitasmoaren berri emango da eta ostegunean Altzoan elkarteak, festa giroan, Tolosako Abastos eraikinean eskuratu duen lokalaren inaugurazioa ospatuko du, 18:00etan hasita.
Noiz eta zer helbururekin sortu zen Altzoan?
Eli Trojaola. Hainbat ama, lehen umea jaioberritan, Villabonako edoskitze taldean elkartzen hasi ginen. Momentu horretan bizitza zeharo aldatzen zaizu eta taldean edoskitzeaz hitz egiten bagenuen ere, beste mila gai lantzeko eta konpartitzeko beharra sentitzen genuen. Orduan, Tolosako kultur etxean biltzen hasi ginen guraso talde bat, sentitzen genituen beharrei erantzuna emateko, familientzako gune bat sortuz.
Itziar Saenz de Ojer. Altzoan bular ematearen inguruan, jaioberrien inguruan, sortu bazen ere, gaur egun ume horien gurasook elkartzen jarraitzen dugu, gure beharrak eboluzionatzen joan direlako. Gure umeek 3-4 urte dituzte orain. Familien artean biltzeak, umeen heziketaren inguruan hausnartzeko eta irtenbideak bilatu edo barrenak husteko balio du. Azkenean, Altzoan familiak elkarren artean elikatzeko eta gure beharrei erantzuna emateko bide bat da.
Altzoan ama, aita eta gurasoen bilgune da…
E.T. Ohituta gaude gauzak umerik gabe egiten, bileretara joatea kasu, baina hainbat ekimen umeekin ere burutu daitezke. Gizartean hutsune bat dago eta, beste askotan, guk gure buruari muga hori jartzen diogu. Bide hori irekitzeko egitasmoa da Altzoan.  
Abastoseko lokala bihar inauguratuko da, Tolosan familiak elkartzeko gune baten beharra zegoen?
I.S.d O. Bai, gehien bat neguari begira. Gure asmoa lokala familien bilgune izatea da. Egun, lokalean guraso eskola martxan dago eta, beharrean arabera, egitasmo berrien bilgune izateko bokazioa du lokalak.
E.T. Erreferentziazko gune baten beharra genuen. Orain arte, kultur etxean bilduz elkarte informala ginen. Familia batzuek gune zehatz eta ordutegi zehatz bat izateko beharra zuten. Lokala edukitzeak erreferentzia gunea eskainiko digu. Asteartero 16:30-19:30 artean zabalik egongo da egitasmoa ezagutu nahi duen edonorentzat. Ekimen bitartez, jendea Altzoan ezagutzen joango da. Elkarte hurbilago bat bihurtuko da, irekiagoa, erreferentziazko gune honi esker.
I.S.d O. Lokalaren inaugurazioarekin, jende berria erakartzeko asmoa dugu. Tolosaldeko familia guztiei gonbitea luzatu nahi diegu Altzoan ezagutzera etortzeko, beste familiekin elkartzeko eta euren kezkei erantzuna ematen ahalegintzeko.
Gaurkoan Altzoaneko bozeramaile lanetan hiru ama ari zarete baina aitek maila berean ere parte hartzen al dute elkartean?
E.T. Denetarik dago. Familia batzuetan amak bakarrik parte hartzen du, besteetan bai aita eta bai ama oso inplikatuta daude... Baina normalean ama inplikatuago egoten da. Familientzako gunea da baina egia da ama gehiago biltzen garela.
I.S.d O. Gogoratu beharra dago Altzoanen sorrera edoskitze talde batean kokatzen dela. Orain artean gure beharrei erantzuteko ekintzak antolatu ditugu, eta behar horiek amengandik sortu dira. Larunbat egun-pasak antolatzen ditugunean aita gehiago gerturatu izaten dira. Baina aitek, oraingoz, ez dute planteatu euren artean elkartu eta ekintza zehatzak garatzerik. Bileretan eta ekintzak antolatzeko garaian amak presenteago gaude, errealitatea hori da. Bestetik, esatea Altzoan familia mota guztiei irekia dagoela.
Amatasuna eta aitatasuna bizitzeko garaian, hainbat arau oso markatuta al daude gure gizartean?
I.S.d O. Oso gai mamitsua da, eztabaida eta hausnarketarako beta ematen du. Altzoaneko gurasoek hausnarketa ugari egin ditugu gai honen inguruan, Guk aukeratuta, gure seme-alaben hazkuntza prozesuan oso presente gaude eta horrek gauza batzuen irabazia eta besteen galera suposatzen du.Ez nuke amaren papera eta aitarena era bereizi batean planteatuko. Nire familia osotasun bezala ulertzen dut. Bikoteak eta biok apustu bat egin dugu umearen hazkuntzan eta hezkuntzan. Taldea osatzen dugu eta talde horretan bakoitzak paper bat du. Paper biak oso garrantzitsuak dira; beharbada, nik ordu gehiago pasako ditut umearekin, bikotea beste nonbaiten ordu gehiago pasatzea behar dugulako.
E.T. Gizarteak, askotan, ustez, amak zein aitak zer egin behar duten markatzen du. Baina errealitatean abanikoa oso irekia da, norberak bilatu behar du bere familia nolakoa izan nahi duen. Erabakia hartzeko garaian, beldurrak eta zalantzak etortzen dira. Horregatik Altzoan bezalako talde batean parte hartzeak bide asko ezagutarazten dizkizu.  
Gaur egun, amek lanera joateko beharra sentitzen dute, ama profesionala izatearen beharra hor dago. Izugarrizko borroka sortzen da orduan. Ordura arte, bizitzako une gehienak profesionalak izateko formatzen igarotzen ditugu eta bat batean umea jaio eta lehen lau hilabetetan soilik ama bihurtzen gara. Lau hilabete igarotzerakoan lanera bueltatzea, eszedentzia hartzea, lana uztea edo erredukzioa eskatzea erabaki behar izaten dugu. Emozionalki momentu garrantzitsua da, norberaren barruan gatazka ugari sortzen dira, bereziki umearekin egoteak norberaren autonomia zalantzan jartzen duelako eta etxeko-andre bat sentitzeko bidea zabaltzen duelako. Altzoanek asko lagundu dit horretan. Gure kasuan, ni arduratzen naiz umeaz eta bikoteak lanera joaten da. Altzoan hor egoteak profesionaltasun kutsu hori eskaintzen dit komunikabideetan parte hartuz, hitzaldia antolatuz, bileretan parte hartuz… Horrela, azken batean, ez nago geldi, ez naiz etxeko-andre bat sentitzen.
I.S.d O. Laguntza handia eskaintzen dit Altzoanek. Askotan, arlo pertsonalean, umeen hazkuntzaz arduratzeak krisiak sortzen dira: duela 100 urteko familia tradizionala ote garen ere pentsatzen dugu, non ama etxean gelditzen den umeak zaintzen eta gizona lanera doan. Nire kasuan, zazpi urte pasa dira ume zaharrena jaio zenetik, eta zazpi urte daramazkit profesionalki lan bat izan gabe, umeen ardura nire gain izanik. Gaur egun, aukeraketa hori egin dugulako, oso familia modernoa garela pentsatzen dut. Izugarrizko apustua egiten ari gara gutako bat umeekin egotegatik. Hala ere, egia da, pertsonalki beste gauza asko landu behar direla garai bateko emakume gisara ez sentitzeko. Urteekin tankerako pentsamenduei garrantzia kentzen ikasi dut, egunerokoaz disfrutatzea da garrantzitsuena.
Malgutasun handiagoa behar da familia eredu ezberdinak lantzeko orduan?  
I.S.d O. Gizarte mailan hausnarketa serio bat behar da. Pauso handia eman zen emakumea lan mundura sartzeko garaian, baina gaur egun berdintasunaz eta kontziliazioaz hitz egiterakoan, ama lanera noiz bueltatuko den bakarrik hartzen da kontuan. Eszedentzia mailan eta alor ekonomikoan laguntza gehiago behar dira, baina garrantzitsuena umeen beharrei erantzutea da.
Hasierako urtetan bereziki, aita eta ama, edo bietako bat behintzat, erreferentziaz haurrekin egotea beharrezkoa da. Askotan kalitatezko denboraz hitz egiten da baina kantitatea ere beharrezkoa da. Umearen beharrak asetzeko bideak ireki behar dira, aukera horiek hartu nahi dituenak, behinik behin.

«Bizitoki: eskolari alternatiba eskaintzen dion bizi proiektua»

Gaur, Tolosako kultur etxean, arratsaldeko 19:30ean, Altzoan elkarteak antolatuta «Bizitoki: eskolari alternatiba eskaintzen dion bizi proiektua» izenburu duen hitzaldia eskainiko dute sortzaileek. Bizitoki Behe-Nafarroan garatutako egitasmoa da, sortzaileek «eskola, bizitzeko toki gisara» ulertzen dute, Amaia Igartuak zehaztu bezala. Egitasmoa azken batean esaldi batekin laburbildu daitekeela ere aipatu du Igartuak: «Hau ez da eskola alternatibo bat, alternatiba bat eskolari baizik».
Bertako partaideek, gurasoek haurrak hezitzeko duten gaitasunean sinisten dute: «ez dute delegatzen haurren hezkuntza beste pertsonengan». Horregatik, gurasoak haurrekin batera, astean lau egunez eskolan bertan elkarrekin «bizi» dira.  
 Informazio gehiago gaurko hitzaldian edo bizitoki.org webgunean.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!