Lau t'erdiko txapelketan Saralegik aurrera egin du, Olaetxeak ez

Asier Imaz 2013ko urriaren 21a

Lau t'erdiko pilota txapelketa final zortzirenetan da. Tolosaldeko ordezkari bakarra egongo da bertan: Ekaitz Saralegi amezketarra. Bidean gelditu dena, Mikel Olaetxea lizartzarra izan da.

Ekaitz Saralegik 22-13 irabazi zion Urrutikoetxeari iragan ostiralean, lau t'erdiko pilota txapelketan. Garaipen horrekin, amezketarrak final zortzirenetako txartela lortu zuen. Hurrengo fasera jauzi egiterik izan ez duena, Mikel Olaetxea izan da. Lizartzarrak Elezkano II.aren aurka 22-8 galdu zuen igandean, Zaratamoko pilotalekuan.

Atzetik aurrera doazen pilotariek atseden hartzeko denbora handirik ez dute izango, izan ere, asteburu honetan jokatuko dituzte final zortzirenetako partidak. Ekaitz Saralegik Titin III.aren aurka jokatuko du, Logroñoko Adarraga pilotalekuan. Partida hilaren 27an, igandean, izango da, 17:00etan hasiko den pilota jaialdian. Partidaren irabazleak final laurdenetarako txartela lortuko du. Kanporaketa modalitateak fase horretan atseden hartuko du, izan ere, bi taldetan antolatuko dituzte zortzi pilotariak, ligaxka moduan, final erdietarako sailkapenak banatzeko. Ondoren bai, berriro partida bakarrerako lehiak itzuliko dira.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!