Egoitz Iturbe Tolosaldeko eta Goierriko ELAko ordezkariak gogoratu duenez, duela bost urte gehiengo sindikalak lehenengo greba deialdia egin zuenean politikak aldatzen ez baziren murrizketak etorriko zirela ohartarazi zuten. «Zoritxarrez guk esandakoa bete egin da: pentsio erreformak egon dira, lan erreformak, aurrekontuak izoztu egin dira eta ondorio larriak utzi dituzte hezkuntzan, osasungintzan, eta gizartearen beste hainbat esparrutan».
ELAk emandako datuen arabera, 50.000 lanpostu galdu dira dagoeneko 2013. urtean. «Euskal Autonomia Erkidegoan, %17,5ekoa da langabezia. Tolosaldean, 3.300 langabetu daude, %14,8koa da langabezia maila, azken urtean %1,8 handitu delarik. Gainera, langabetuen %45,2k ez du prestaziorik jasotzen». Era berean, sortzen diren kontratuak «oso urriak, prekarioak eta aldi baterakoak» dira. Horiek horrela, ELAren ustez, datuak «oso txarrak» dira, eta aurreikuspenak «are eta txarragoak».
Bestalde, Espainiako Gobernuak burutu nahi duen pentsioen erreformaren aurka ere azaldu da ELAko ordezkaria. «Pentsioek, esaten dutenaren aurka, % 0,25eko igoera baino ez dute izango, txirotasun maila areagotuz». Pentsioen erreformaren aurka egiteko, eta oro har «erreformak uzten ari diren egoera salatzeko» deitu dituzte Tolosaldeko langileak eta herritarrak bihar, Donostian, 17:30ean, egingo den manifestazioan parte hartzera.
Borroka moldeak egokitzera
Bestalde, Espainiako Gobernauk ezarri dituzten erreformen bitartez arau asko «aldatu» dituztela, eta langileen eskubide asko «suntsitu» egin dituztela salatu dute ELAtik. «Beraz, orain patronalarekin negoziatzeko marko legala aldatu dute, negoziaketa deszentralizatu dute, eta ondorioz, enpresa bakoitzean, ugazaba bakoitzak nahi duen araudia eta baldintzak ezarri ahal ditu», esan du Mikel Zabaleta ELAko industria eta eraikuntza ordezkariak. Langileak «antolatuta eta indartsu» ez dauden enpresetan, jabeak «nahi duena» egiten duela adierazi du. Ondorioz, «egoera berriei borroka moldeak» egokitzeko beharra ikusten du Zabaletak, bestela, «langileen eskubideak enpresaz enpresa suntsitzeko arriskua baitago».
Hala, herrialde mailako hitzarmenak sinatzearen alde jarraitzearen garrantzia nabarmendu du ELAk, «hitzarmenak sinatu gabe langileek orain arte lortutako eskubide asko desagertu egiten ari direlako». Baina, erreformaren ondorioz, lurraldekako hitzarmenak sinatzearekin batera, egun «negoziatzeko esparru eraginkorrena» enpresetan dagoela adierazi du.
Horren harira, ELAk Mobilizazio Astea deitu du datorren astean Hego Euskal Herri osoan, «negoziatzen ari diren enpresetako langileei bultzada emateko helburuarekin». Mobilizazio ugari izango dira, eta hilaren 24an egingo dute ekitaldi nagusia Bilbon, manifestazioarekin. «Borrokarako unea» dela adierazi du Zabaletak, «gure eskubideak defendatzeko garaia da».