Ibilbidea zehazten hasi zirenez geroztik, dinamikotasuna izan da aurtengo antolatzaileen helburuetako bat. Jomuga horrekin estu loturik joango da Erronka, eta honez gain, gazteen droga eta alkohol kontsumoa zaintzeko bereziki landuriko helburuei ere begiratuko diete.
Laskoraingo zuzendari Jone Urteagak apustu handitzat jo du proposamen berria, eta beren erronka propioa, ereduak gainerako ikastolen jaietan jarraipena izatea da; datorren urtean Orion ere izango da gazteen arteko erronkarik.
Eskuz eskuko lehia
Taldekako lehia izango da, Gipuzkoako 19 ikastolaren artean. Talde bakoi-tzak 8 kide izango ditu, erdiak neskak eta erdiak mutilak, eta beste bi kide izendatu beharko dituzte, ordezko gisa.
Laskoraingo taldeak honako lehiakideak izango ditu: Andoaingo Aita Larramendi; Ibarrako Uzturpe; Villabona-Zizurkilgo Jesusen Bihotza; Bergarako Aranzadi; Oñatiko Txantxiku; Eskoriatzako Arizmendi; Ordiziako Jakintza; Lazkaoko San Benito; Legazpiako Haztegi; Urretxu-Zumarragako Ikastola; Donostiako Axular, Herri Ametsa eta Zurriola; Oiar-tzungo Haurtzaro; Zarauzko Ikastola; Pasaia-Lezoko Ikastola eta Orioko Herri Ikastola.
Ikasleak gidatu eta aholkuak eskaintzeko, bi kapitain aukeratu ditu talde bakoitzak, eta eskuz eskuko lanerako antolatu beharko dute, izan ere, proba zorrotzak prestatu dizkiete, zirkuituan barrena. Horrela, estrategia, taldean lan egitea, buruz azkarrak izatea, indarra izatea, erabakiak hartzeko ahalmena edukitzea nahiz eskulanetan trebeak izatea beharrezkoak izango dira.
Guztira bost proba osatu beharko dituzte Erronka betetzeko. Burbuila erraldoietan sartu lasterketa egin beharko dute; lasto fardoen gainean kapitaina garraiatu beharko dute; Iurreamendin mosaiko erraldoia buruz ikasi eta berregitea izango da proba; azkenik, Zumardiaundian lokotx biltze bertikala estreinakoz jokatuko dute, autobideko zutabeetan gora.
Arratsaldeko probak erabakiko du Erronkako irabazlea zein talde izango den, eta baltsak eraiki eta kapitaina Orian barrena garraiatu beharko dute. Lau taldek bakarrik jokatuko dute azken proba, eta Zubi Berrian gora igota Ahora! bandera eskura-tzen duen taldeak, ikasbidaia finantzatzeko 2.000 euroko ordainsaria jasoko du.
"Guk gozatzeko zerbait da eta jende berria ezagutuko dugu"
Gogotsu dago Laskorain ikastolako erronkarien taldea, eta proben inguruan besteek baino informazio gehixeago izatea baliatuko dute, lehiarako tresna gisa.
Zer iruditu zi-tzaizuen Erronka, aurkeztu zizuetenean?
Mattin Zeberio: Interesgarria. Ni gogoz nengoen horrelako zerbaitetan parte hartzeko, berria delako. Ondo pasako dugu, eta animatzera etortzen den jendearekin giro polita sortuko da.
Alaitz Kinkilla: Guk goza-tzeko zerbait da, eta jende berria ezagutuko dugu.
Nolatan animatu zineten?
M.Z.: Nik hasieratik nuen gogoa parte hartzeko, baina ordezko gisa jarri ninduten. Azkenean, ordea, beste batek ezin izango du parte hartu, eta ni sartu naiz.
A.K.: Nik duela egun batzuk jakin dut, azkenean, Erronkako Laskoraingo taldean ariko naizela, eta beste batzuk hasieratik dira taldekide.
Nola sortu dituzue, bada, taldeak?
Ainhoa Garikano: Gela bakoitzetik neska eta mutil bana aukeratu behar ziren, eta bozketa egin genuen. Hasiera batean neska gutxik eman genuen izena, baina azkenean animatu gara.
Beste ikastoletako parte hartzaileekin hitz egin al duzue?
Josu Perurena: Bai, gogotsu daude oso, eta guri beldurra sartu nahian.
M.Z.: Batzuk pikatuta daude, guk zenbait proba jada egin ditugulako. Baina gainerakoan, gustura daude. Guk sekulako jipoia emango diegu [barreak].
Abantaila txiki batekin hasiko duzue, beraz, eguna.
M.Z.: Eurek ere ezagutzen dituzte probak, baina kontua da, guk batzuk egin ditugula, bideoak grabatzeko.
Kapitainak ezagutzeko aukerarik izan al duzue?
J.S.: Bai, igandean eurekin egon ginen, eta Berazubiko proba grabatu genuenean nahiz ikastolaren eguneko lasto fardoen proban, kapitainak etorri ziren.
Edurne Pasaban eta Abraham Olano izango dira zuen gidariak. Zertan lagunduko dizuetela uste duzue?
Unai Iribar: Estrategian lagunduko digute batez ere, beren esperientziatik. Zenbait probetan parte hartuko dute, baina ia gehiena guk egin beharko dugu.
Ahora! bandera konkistatzeko itxaropenarekin hasiko duzue eguna.
Guztiak: Bai, bai, noski.
19 talde zaretela ikusita, hala ere, zaila izango da.
J.P.: Hori egunean bertan ikusiko dugu, ez dakigulako gainerako taldeetan nor dagoen eta zein maila duten. Beraz, oraingoz ezin ezer esan.
U.I.: Eguerdian ezagutuko dugu goizeko emai-tza. Goizean, atariko proba egin beharko dute besteek: goizeko bi probak aukeratuko dituzte, eta kasu horretan, guk probak ezagutzen ditugunez, soberan geratzen direnak egin beharko, abantailarik ez izateko. Ea nola ateratzen den guztia.