Deustuko Unibertsitateak 2011. urtean egindako Drogas y Escuelas VIII ikerketaren arabera, 12 eta 18 urte bitarteko gazteen %51k gutxienez hilabetean behin edaten du alkohola, eta kontsumitzen hasteko adinaren bataz bestekoa 13,2 urtekoa da. Zenbaki hauek azken bi urteotan beherakada txiki bat izan duten arren, ez dira guraso, hezitzaile eta antolatzaileen kezkak uxatu.
Hori dela eta, preben-tzio talde bat eratu zuen Laskorain Ikastolak aurtengo Kilometroak festarako. «Ikastolak, hezkuntza erakunde moduan, gai honen inguruan ekarpen serio bat egin behar zuela iruditu zi-tzaigun. Eta ez soilik Kilometroetarako, gainontzeko festetarako ere bai», dio Jone Urteaga, Laskorain Ikastolako zuzendariak.
Hausnarketa prozesu baten ondoren, eta gizarte eragileen inplikazioa ezinbestekoa zela ikusita, udaletxeko gizarte zerbitzuekin eta bailarako osasun zerbitzuekin harremanetan jarri zen ikastola. Guztien artean, prebentziorako plangintza bat osatu zuten, AGIPAD, Drogen Gehiegizko Kontsumorako Gipuzkoako Ikerketa eta Prebentzio Elkartearen laguntzaz. Bide horretan, ostalari, merkatari eta Kilometroak egunean lan egingo duten boluntarioen parte hartzea ere ezinbestekoa izan zen.
Sentsibilizazioa ardatz
Plangintza horren ardatz nagusia sentsibilizazioa izan zen. Horretarako bi bide jorratu zituen ikastolak. Bata barnean, eta bestea kanpoan. Ikastetxeko bi orientatzaileek jarduera bilduma bat sortu zuten, Askagintzak sortutako Primeran pasa, pasatu gabe kanpainaren hariari helduz. Bilduma osatuago hori, Euskal Herriko ikastola eta eskola guztietan banatu zen.
Baina eskola eremuaz kanpo, etxean, familiartean ere lanketa baten beharra zela ikusi zuten. Hori dela eta, maiatzean ospatu zen Ahora astearen baitan sentsibilizazio kanpaina bat abiatu zen. Irailean, berriz, alkoholaren preben-tziorako hiru tailer egin dira. «Sekulako arrakasta izan dute, 100 gurasotik gora izan dira, eta oso balorazio ona egin dute». Tailer horietan, familiak kontsumoan duen garrantzia landu zuten: «Ezinbestekoa da eredua eman, limiteak jarri, eta seme-alabekin gai honen inguruan hitz egitea», dio Urteagak.
Ostalari eta merkatariak ere ezinbesteko izan dira prozesu honetan. «Prebentzio agente bat gehiago dira, eta lan hori ondo bete-tzeko zer egin dezaketen azaldu zaie, adin txikikoengan zentratuz». Gehienbat, legearen aginduak zein-tzuk diren, eta horien oinarria zein den aztertu dute. Egunean bertan lanean izango diren boluntarioekin ere antzeko lanketa egin da. «Udalak eskutitz bat bidali zien saio horietara gonbidatuz, eta joan ez direnei jarraitu beharreko pausoak bidaliko dizkiegu postaz».
Prebentziorako 10 puntu
Lanketa prozesu honetan bildutako ondorioekin, hamar puntuko dekalogo bat eratu dute Laskorain Ikastolak eta AGIPADek gainontzeko eragileen laguntzaz. Dekalogo horren arabera, adin txikikoei alkohola saltzea debekatua izango da, baina arazoa beste nonbait dago. Izan ere, gazte asko jada alkoholarekin etortzen dira euren jatorriko herrietatik.
Horregatik, aldez aurretik, Ikastolen Elkartetik gutunak bidali dira gainontzeko ikastola eta autobusak antolatzen dituzten erakundeetara alkohola ekiditeko. Gainera, trenez eta autobusez iritsiko diren gazteen sarrera guneetan, informazio taldeak izango dira. «Gaztetxoak izango dira gazteei informazioa emango dietenak, adibidez, beira eta alkoholik ezin dela sartu ibilbidera». Lan horretan, Inmakulada ikastetxeko ikasleak izango dira. Horrez gain, ibilbide osoan zehar ere izango dira beste hainbat talde, arrisku egoera eta jarrerak ekidite aldera.
Detekzioa eta lagun-tza. Hori izango da Laskorain Ikastolak antolatutako talde horien eginbehar nagusia. «Laguntzeko jarrera izango dugu, ez debekatzekoa. Ez daukagu ahalmen hori. Ezin dugunik ez dugu egingo», dio Jone Urteagak.
Guzti honen bitartez, festaren funtsa berreskuratu nahi du Ikastolak: «Euskararen alde giro onean disfruta-tzea nahi dugu, eta helburu hori ez dutenei ez diegu atea itxiko, baina nahiago genuke etorriko ez balira. Helburu horrekin bat datozenak, berriz, ongi etorriak izango dira».
Alkohol kontsumoaren prebentziorako dekalogoa
• Alkoholik gabeko edarien salmenta sustatuko da
• Adin txikikoei ez zaie alkoholdun edaririk salduko; zalantzazko kasuetan ziurtatu egingo da adina
• Kanpotik ekartzen den alkoholaren kontrola antolatzaileen esku geratuko da
• Jendaurrean arituko direnek ez dute edari alkoholdunen eta bestelako drogen kontsumoaren propaganda egingo
• Alkoholdun edaria banatzen den gune guztietan helduak egongo dira eta lanean arituko direnei inplikazioa eskatu zaie
• Alkoholdun edariak hartzearen hautua egiten denarekin graduazio baxuko edarien kontsumoa sustatuko da: ardoa, sagardoa, garagardoa.
• Intoxikazio zantzuak dituztenei ez zaie alkoholik salduko
• Intoxikazio zantzuak dituztenek ezingo dute probetan/jokoetan parte hartu
• Intoxikazio zantzuak dituztenei berehalako laguntza eskainiko zaie eta adin txikikoen kasuan, bere guraso, tutore edota laguntzaileekin harremanetan jarriko dira
• Alkoholaren banaketa arduratsuarekin eta hemen azaltzen diren neurriekin bat egin dezaten eskatuko zaie ostalari, merkatari eta gizarte eragileei