49:47ko denborarekin, sailkapen orokorrean 21. postua lortu du ibartarrak, bost kilometroko ibilbidean
Leire Agirrezabala, podiumean.[/caption]
Leire Agirrezabala ibartarrak mendiko lasterketetan osatzen ari den denboraldi izugarrian pauso bat gehiago eman du asteburu honetan, eta igandean Uharte Arakil eta Beriain arteko kilometro bertikalean lehen emakumea izatearekin batera, errekorra jarri zuen: ibilbidea 50 minutu baino gutxiagoan osatu duen lehen emakumea izan da.
Uharte Arakilen (Nafarroa) hasi zen lasterketa, 417 metrora. Bi kilometro egin eta gero, lasterketako zatirik gogorrena hasi zen, eta laugarren kilometroan igo behar izan zuten azken malda. Horrela, Beriaingo gailurrean amaitu zen proba, 1.494 metrora. Guztira, bost kilometroko luzera izan zuen ibilbideak.
Leire Agirrezabalak 49:47ko denborarekin zeharkatu zuen helmuga, eta sailkapen orokorrean 21. postua eskuratu zuen. Bigarren emakumea Maite Maiora izan zen, eta 50:30eko denbora behar izan zuen lasterketa amaitzeko. Lehia polita izan zuten bien artean; Maiora atzetik atera zen irteera puntutik, eta igoera osoan barrena bata bestearen erreferentziak izan zituzten arren, Maiorak ezin izan zuen ibartarra menderatu.
Hirugarren sailkatua, berriz, 51:36ko denborarekin, Leire Fernandez izan zen, baina adin txikikoa denez, ordainsaririk gabe geratu zen; Laura Sola sailkatu zen laugarren, 51:50eko denbora osatuz. Gizonezkoetan, Ionut Alin Zincak irabazi zuen, 42:42ko denborarekin.