Bidania-Goiatzeko eskola txikien festaren harira, herritarrek bideo lehiaketa batean parte hartzea erabaki zuten, eta orain, eskualdeko herritarrei laguntza eskatu diete, euren aldeko botoa eman dezaten.
Gaztea Irratiko Destination EH lehiaketan parte hartu dute Bidania-Goiatzekoek. Lehiaketa horretan, norberaren herria saldu behar da, eta eskola txikiko kideei ideia sortu zitzaien: «Aukera bikaina ikusi genuen gure herria, Bidania-Goiatz, ezagutaraztearekin batera 2014ko Eskola Txikien festa egingo den herria aurkezteko». Lehiaketak bi sari ditu, bata epaimahaiarena, 1.000 eurokoa, eta bestea entzuleena, 1.500 eurokoa.
Eskolari laguntzeko asmoz aritu dira lanean, jaiko antolatzaileen esanetan: «Bidania-Goiatzeko txokoak grabatzen ibili gara eta azkenean nahiko bideo txukuna atera zaigula uste dugu. Bideo hori finalera iritsi da, hogei onenen artean sailkatuz, eta orain publikoaren saria lortzeko guztion beharra dugu».
Laguntza emateko ez da ezer asko egin behar, nahikoa baita ondorengo webgunean sartu, eta bideoaren alde botoa ematea: www.eitb.com/eu/gaztea/destination-eh/. Bideoak Bidania-Goiatz izena dauka, eta botoa emateko azken eguna irailaren 27a da. Bideo egileek azaldu dutenez, egunean helbide elektroniko bakoitzetik behin bakarrik eman daiteke botoa. Aipatu bezala, sariren bat lortuz gero, helburua argia izango litzateke: «2014ko Bidania-Goiatzeko Eskola Txikien festa finantziatzeko erabiliko genuke. Horregatik, guztion beharra daukagu. Lotsagabe-lotsagabe zuen botoen bila gabiltza eta zuen lagunenak, ezagunenak, lankideenak… ere ongi etorriak izango dira. Beraz, lantxo hori jartzen dizuegu».
Azkenik, eskerrak eman dizkie era batean edo bestean bideoa egiten lagundu dieten herritar guztiei: « Zuen laguntzarik gabe hau ez zelako posible izango».
Auzolana, San Pedroburun
Datorren astean hasiko dira Zehazten ZK enpresako kideak bigarren indusketa lanak egiten San Pedroburun. Arkeologoek beraien lana errazago eta erosoago egin dezaten, Bidania-Goiatz herriaren ekarpenetako bat, bertako belarrak eta sasiak moztea izango da. Lan hori auzolanean egin nahi dute, eta horretarako deialdia luzatu du udalak.
Auzolanerako hitzordua bihar, hilak 21, 09:00etan jarri dute Bidaniako plazan. Udaletik herritar guztiei deialdia egin diete, bertara ager daitezen eskatuz: «Gure herriaren historiaren parte garrantzitsu honen ikerkuntzan denok lagundu dezakegu».