Saio eta material bereziak prestatu ditu Aitzol Udal Euskaltegiak, gurasoen beharrei begira
Tolosako haur gehienek, D ereduan hasten dituzte ikasketak gaur egun, eta txikitatik euskara ezagutzen dute, ikastetxean behinik behin. Euskararen transmisio hori bestelako esparruetara zabaldu, eta eguneroko bizitzarako tresna izatera pasatzeko, ordea, euskaraz ez dakiten gurasoak euskalduntzeko beharra ikusi dute herriko zenbait eragilek. Hori lortu ahal izateko egitasmoa prestatu dute, beraz, Hirukide ikastetxeak, Laskorain ikastolak, Samaniego ikastetxeak, Aitzol Udal Euskaltegiak, Tolosako Udaleko Euskara Batzordeak eta Galtzaundi Euskara Taldeak, elkarlanean.
0 eta 6 urte bitarteko neska-mutilen gurasoei begirako proiektua da Familia bidezko hizkuntza transmisioa deiturikoa, eta abian jarri dute jada. Sustatzaileek, besteak beste, «familiak gure bizitzako lehen urteetan izugarrizko garrantzia» duela nabarmendu dute, eta hori, noski, hizkuntzaren jabekuntza aroarekin lotu dute: «Jaio bezain azkar hasten gara inguruarekiko harremanetan, eta hizkuntzak mundua sentitzeko, beharrak adierazteko nahiz jolasteko aukera eskaintzen dizkigu. Garai horretan, harreman eta lotura nagusiak familiarekin izaten ditugu, eta beraz, hizkuntza bera ez ezik, hizkuntzarekiko interesa ere irakasten da familian».
Honi lotuta, bestalde, euskara ongi ikasteak gerora beste hainbat hizkuntza ikasteko ekar dezakeen erraztasuna ere hizpide izan dute: «Eleanitzak izateko bidea irekiko diegu».
Gurasoek euren artean euskaraz aritzearen garrantziaz gain, ordea, lagunarteak nahiz aisialdiak hizkuntza baten ikaskuntza baldintza dezaketela azpimarratu dute. Horregatik guztiagatik, euskaraz ez dakiten guraso horiek «ohartarazi» nahi dituzte egitasmoko sustatzaileek, «aukera dutenean, eskolan ikasten dutena osatu, eta eskolaz kanpo ere balia dezaten».
Finean, familiatik abiatuko den bidea hasi, eta euskara eskolara, kalera eta aisialdira iristea lortu nahi du egitasmoak, hainbat tresnaren bidez: «Euskaraz irakasten duten ikastetxeetan matrikula egiteaz harago, seme-alabak euskarazko jardueretara bultzatzea, eta euskaraz eginez haurrentzako eredu izatea lortu nahi dugu proiektuaren bidez», nabarmendu du Idoia Lahidalga Galtzaundi Euskara Taldeko ordezkariak.
Lau bide helburu bati begira
Hizkuntzaren transmisio hau euskarazkoa izatea bermatzeko, abian jarri dituzte eragileek, aurreikusitako tresnak.
Horrela, pausoetan lehena, zenbait eskuorri banatzea izan da. Euskaraz ez dakiten 0 eta 6 urte bitarteko haurren gurasoei begira, zenbait gomendio bildu dituzte eskuorrian, eta Tolosako ikastetxeek banatu dituzte jada. Besteak beste, euskara ikastearen garrantzia, eta gutxi jakinda edo trakets sentituta ere, berau ahoz praktikatzeak duen balioa azpimarratu diete gomendioetan, beren seme-alabei begira.
Aipatzekoa da, gainera, Hirukide, Laskorain eta Samaniegoko irakasleek gomendio hauek landuko dituztela, euskaraz ez dakiten gurasoekin.
Euskalduntze prozesuarekin erabat loturiko proiektua izanik, Aitzol Udal Euskaltegiak ere esfortzu berezia egin du elkarlan honetan, eta horrela, zatirik teknikoenean jardungo dute eurek, Amando Hernandez euskaltegiko zuzendariak azaldu duenez.
«Urteetan barrena saldu izan da, euskara ikastea erraza dela, segituan barneratzen dela,... Badakigu hori ez dela guztiz egia, izan ere, euskara nahiz beste edozein hizkuntza ikasteak lana eta esfortzua eskatzen ditu», nabarmendu du Hernandezek. Horregatik, euskaraz ez dakiten gurasoei bidea errazteko bereziki prestaturiko saio eta materiala eskainiko ditu Aitzolek, datorren urritik ekainera bitarte.
Haurrekin erabilgarria izango den edukia jorratuko dute, «jolasak, abestiak, denborapasak eta eskolako materiala seme-alabekin euskaraz partekatu ahal izateko».
Guraso guztien egoera hizkuntza maila desberdina izango dela aurreikusita, gainera, talde bakoitzari egokituriko edukia prestatu dute, eta Amando Hernandezek ordutegiari dagokion malgutasuna ere azpimarratu du: «Haurrak eskolan dauden bitartean izango dira saio berezi hauek, eta ikastetxeetan bertan, nahiz euskaltegian jaso ahal izango dituzte klaseak».
Euskara ikasteak zenbait familiarentzat esfortzu ekonomikoa ekar dezakeela aurreikusita, Tolosako Udalak «ahalegin berezia» egin du aurten, eta prezioak erdira jatsi dituzte: 160 euroko matrikula ordaindu beharko dute, eta tolosarrek, berriz, 80 eurokoa. Eskoletara joaten ez diren ikasleek, ordea, matrikula osoa ordaindu beharko dute. Eskaintza berezi honetan izena emateko epea urriko bigarren astera arte zabalik izango da, eta aipatzekoa da Ibarran eta Asteasun ere zerbitzu bera martxan jarriko dutela.
Azkenik, eta «Tolosa euskara kohesio hizkuntza izango duen hiri bilakatzeko», Paula Kasares soziolinguistak motibazio saioa eskainiko die euskaraz ez dakiten gurasoei.Saioa datorren urriaren 15ean izango da, doan, 19:30ean, kultur etxean.