Herriko txoko kuttunenaren bila

Ataria 2013ko irailaren 19a

Zerkausia, Uzturre nahiz Atauts eskultura, argazkilarien objektiboek sarri harrapatzen dituzten irudiak dira. Aranburu jauregian, ordea, Tolosako txoko ezkutuen bila joan direnen lanak ikusgai daude, egutegirako lehian.

Kalean ateratako hainbat argazki aurkeztu dituzte, baina naturako elementuek ere protagonismo handia dute erakusketan.

Norbere herrian, arrazoi batengatik edo besteagatik, izaten da beti, txoko, kale kantoi, auzo, plaza edo paisaje kuttunik. 2014ko Tolosako Udalaren egutegia apaintzeko argazkiak, herritarren leku ezkutu horiez betetzea proposatu zuten iaz, udalak eta TolosaGasak. Aranburu jauregian ikusgai dira jada, argazki lehiaketako azken zatira iritsi diren 40 lanak; hilaren 28ra arte zabalik izango da erakusketa, asteartetik larunbatera bitarte, 17:30etik 20:30era.

Alberto Gonzalez antolatzaileak, «gaiaren arabera parte hartzea aldatu» egiten dela dio, baina argi dago egutegiari loturiko argazki lehiaketak gero eta harrera hobea duela tolosarren artean. Horren erakusle dira aurten aurkezturiko 530 argazkiak; 45 argazkilarik parte hartu dute.

Iazko Argiak eta itzalak gaiari heldu eta lehiaketa irabazi zuen Asier Garagarzak epaimahaikide izateko aukera izan du aurten, eta besteak beste, argazkilariak irudia erretratatzerakoan saiakera edo ahalegin berezi bat egitea oso kontuan izaten duela nabarmendu du.

Jarritako gaiari ondo heltzeak ere badu garranziarik, ordea. Horrela, Tolosako txoko ezkutuak gaiaren harira, epaimahaiak hautaturiko 40 irudirik onenak zintzilikatu dituzte Aranburu jauregiko hormetan. Erakusketako bisitari askok lehen aldiz ikusiko dituzte zenbait irudi, eta betiko postal horietatik harago ere, Tolosan xarma berezia duen beste txokorik ere badela ikusi ahal izango dute.

Urteroko moduan, berriz, herritarrek beren argazkirik gustokoena bozkatzeko aukera izango dute, eta argazki kamera digital baten zozketan sartuko dira

Josu Otaegiren omenez

Aranburuko beheko solairura eskilarak jaitsi, eta bisitariek Alde Zaharreko San Fermin txiki eguneko argazki bat ikusi ahal izango dute.

Zendu berria den Josu Otaegik ateratako azken argazkietako bat da, aurtengo San Fermin egunekoa, eta hura omentzeko bide xumea izan da: «Urte asko zeramatzan argazkilari gisa lanean, eta Tolosan jende guztiak ezagutzen zuen. Omenaldi txiki hau egitea pentsatu dugu», azaldu du Alberto Gonzalezek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!