Irabazi ala galdu, sari bat da

Ataria 2013ko irailaren 19a

Asteartean hamar urte bete ziren azkenekoz Realak Txapeldunen Ligako ibilbidea hasi zuenetik. Ez gehiago, ez gutxiago.  Hain zuzen, 2003ko irailaren 17 hartan, Anoetan Olympiakos taldearen aurka aritu ziren txuri-urdinak. Gainera, irabaziz ekin zioten txapelketari, Kovacevic-en gol bati esker.

Arratsalde hartan, ilusio biziz joan nintzen Anoetara, kontent. Iurreko bideoklubean gozoki eta pipak erosi, autobusa hartu, nire taldea irabazten ikusi, eta buelta, are kontentuago. Ororen gainetik, gozatu egin nuen gau hartan, ez baita noiznahi ikus daitekeen gauza bat.

Asteartekoan, ilusio berarekin abiatu nintzen Anoetara. Pozik. Patata tortilla ogitarteko goxoa prestatu, autobusa hartu, Reala galtzen ikusi, eta buelta. Eta bai, itzulera ere nahiko kontent egin nuen. Izan ere galtzen bada ere, Reala berriro ere handienen artean ikusteko aukera izan nuen, noiznahi ikus ezin daitekeena.

Aurreko egunean, hain zuzen, The Wire telesaila ikusten ari nintzela, You cannot lose if you do not play esanak atentzioa eman zidan: Ezin da galdu jokatzen ez bada. Realak ere ez luke galduko partida hori Txapeldunen Ligarako sailkatuko ez balitz. Eta hamar urtetan Realarekin gertatu dena edo futbol taldeen arteko ezberdintasun ekonomikoak ikusita, nire galdera da ez ote den nahiko poztasun, bertan jokatu ahal izatea. Irabazi ala galdu, sari bat da.

Mikel Iraola. Tolosa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!