Bertsolari Txapelketa Nagusia Amasa-Villabonan abiatuko da irailaren 29an

Ataria 2013ko irailaren 18a

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia hilabete honetan jarriko dute abian, eta lehen saioa Villabonako Behar Zana pilotalekuan jokatuko da, irailaren 29an, 17:30ean. Sei bertsolari ariko dira lehian Amasa-Villabonan: Alaia Martin, Fredi Paya, Jon Martin, Odei Barroso, Iker Zubeldia eta Nerea Elustondo.

Eskualdeko lehen saio honetan egongo ez diren arren, txapelketan Tolosaldeko hiru bertsolari ariko dira: Amaia Agirre, Jexuxmari Irazu eta Aitor Mendiluze. Hendaian ekingo dio txapelketari Agirrek, urriaren 12an. Irazu Altsasun igoko da lehen aldiz oholtzara, urriaren 13an, eta Mendiluzek txapelketaren bigarren fasera arte itxaron beharko du bertsotan hasteko. Irurarraren lehen saioa Murgian izango da, azaroaren 17an.

Txapelketa nagusiaren finala, duela lau urte bezala, Barakaldoko BEC-en jokatuko da, hain zuzen ere, abenduaren 15ean. Maialen Lujanbio bertan egongo da, txapelaren defentsa egiteko prest. Txapelketa honetan egongo ez dena, Andoni Egaña izango da, aurtengoan ez parte hartzea erabaki baitu.

Saioetarako eta finalerako sarrerak erosi nahi dituenak, besteak beste, bertsozale.com webgunean izango du horretarako aukera. Aipatu, finalekoak jadanik salgai aurkitzen direla.

Faseak eta sailkatzea

Hiru sailkapen fasetan banatuko da txapelketa: kanporaketak, finalaurrekoak eta finala.

Kanporaketetan 36 bertsolari izango dira lehian, guztiak herrialdeko txapelketetan sailkatuak. Sei bertsolariz osatutako sei talde egingo dira, eta saio bakarrera lehiatuko dira. Talde bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da hurrengo fasera; eta puntu gehien batzen dituzten hamabiekin osatuko da finalaurrekoetan aritu den taldea.

Finalaurrekoetan 24 bertsolari lehiatuko dira fase honetan: 2009ko sei finalista eta kanporaketako saioetatik sailkatu diren 18 bertsolariak. Bi itzuli izango ditu finalaurreko faseak: lau saio izango dira lehenengoan eta hiru bigarrenean. Bi saioetako puntuazioak gehitu egingo dira, baina lehen itzulian puntu gutxien lortu duten sei bertsolariek bigarren itzulian ez dute kantatuko. Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da bigarren itzulira; puntu gehien batzen dituzten beste 14 bertsolarirekin osatuko da finalaurrekoen bigarren itzulira pasatzen den taldea.Taldeak aldatu egingo dira lehen itzulitik bigarrenera.

Finalean zortzi bertsolari ariko dira: 2009ko txapelduna eta finalaurrekoetatik puntuazioz sailkatu diren zazpiak. Finala hiru saiotan banatuko da: goizean zortzi bertsolariak jardungo dira, eta zortzi bertsolariekin emango zaio hasiera arratsaldeko jardunari ere. Azkenean, puntu gehien batu dituzten bi bertsolarien arteko lehia egingo da: buruz burukoa. Bertatik aterako da txapelduna, egun guztiko puntuak batuta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!