Ikasturte berriaren hasiera nabari da Tolosaldean, eta ugaritzen ari dira pixkana, auzoetako jaiak, azokak eta kultur jarduerak.
Irailarekin batera, ikasturte berria hasita, eskualdera zabaltzen hasia da udazken giroa, urtaroa oraindik iritsi ez den arren. Aurrerantzean herri eta auzo guztietan izango da zer ospatua, eta asteburuan, Alegiako Kalebeheran eta Tolosako Uganen izan dute festarako aukera.
Kalebeheran, ostiralean abiarazi zituzten jaiak, suziriarekin eta buruhandiekin, eta afalordura bitarte, auzoko gaztetxoenek hartu zuten plaza. Larunbatean kirolen txanda izan zen, pala txapelketa eta krosarekin, eta igandean, kostaldera begira jarri ziren alegiarrak, txakolina eta sardina erreak izan baitzituzten dastatzeko.
Ugane auzoan, berriz, larunbatean hasi zen egitaraua, txirrindulari probarekin. Hau amaitutakoan, Ikaztegietako Imanol Mendizabal eta Aitor Arraiza gazteak pisu eta disko jaurtiketan aritu ziren, eta bertsolari gazteekin poteoa ere izan zuten, auzo bazkariaren aurretik. Eguna arratsaldeko jokoekin eta afariarekin borobildu zuten.
Villabonan ere goiz jendetsua izan zen larunbatekoa, azoka berezia antolatu baitzuten Txermingo ikastolan. Elikagai eta artisautza produktuek ikusmina sortu zuten, eta baita elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketak ere.
Euskal Herriko emakume taldeek Tolosan egin zuten hitzordua larunbatean, Batea! topaketekin, eta gizarteko esparru guztietan antolatzeaz hausnarketak egin zituzten, 30 emakume inguruk. Beste emakume batzuk, berriz, beren izenaren harira egun pasa egin zuten igandean: Ibarrako Izaskun auzoan elkartu ziren, azken hamabost urteotan bezala, Izaskun izeneko emakumeak, eta Goierritik nahiz Bizkaitik ere etorri ziren zenbait.
Bai Euskal Herriari taldeko kideek, berriz, Herniora irteera egin zuten igandean, eta plaka bat jarri zuten tontorrean.