Alurr dantza taldean matrikula egiteko aukera zabalik da

Ataria 2013ko irailaren 11

Ibarrako Alurr dantza taldea ikasturte berriari ekiteko prest da. Urrian hasiko dira eskolak, eta uztailean matrikula egin ez duenak hilabete honetan izango du horretarako aukera. Dantzan ikasi nahi dutenek Ibarrako Kultur Etxean edo Alurr dantza taldearen bulegoan topatuko dituzte inprimakiak, eta edozein zalantza argitzeko alurr@alurr.net-era idatz daiteke, alurr.net webgunera jo dezakete, edo bestela 635 757 048 telefono zenbakira deitu.

Ibarrako dantza taldetik gogoratu dutenez, maila ezberdineko taldeak dituzte. Aiert Beobide dantzari eta koreografo profesionalak emango ditu eskolak aurten ere. Aukeran dantza taldean aritutakoa da, eta egun, Ahatik bere konpainia zuzentzen du. Alurrekin batera, berriz, Oinazez eta Izanak Dirau, 1512 zuzendu ditu. Bada, aurtengo berrikuntzetan, pasa den urtean sortutako mutilen taldeak jarraituko duela, eta talde berri bat sortu dela gaztetxoekin nabarmendu dute.

Arratsaldeetan dantza egiteko aukerarik ez duten gazteentzat, goizetan emango dute aukera, eta helduen taldea ere sortu dute «ondo pasa eta dantzan ikasi nahi dutenentzat».

Emanaldiekin «gustura»

Bestalde, Alurr dantza taldeak emanaldi ugari izan ditu udan. Besteak beste, Altzon, Ikaztegietan, Berrobin, Donostian, Berastegin eta Ibarrako festetan izan dira. «Gure helburu nagusiak bete ditugu, hau da, dantza egitea eta ahal den jende gehienera iristea dantza eginez».

Bada, irailean ere emanaldiak eskaintzen jarraituko dute. Azken jendaurrekoa Lekeitioko plazan izan zuten, iragan igandean. Bertan, Alurren azken hiru ikuskizunen (Sua, Oinazez eta Izanak dirau, 1512  eta Oreka Tx-ekin egindako lan batzuk) bilduma den Soinaz eskaini zuten. Ikuskizun bera eskainiko dute etzi, ostiralean, Zaldibiko frontoian, 22:30ean hasita.

Uztartuz Euren azken lanari dagokionez, Ibarrako San Bartolome jaietan aurkeztu zuten, Lasarten maiatzean eginiko estreinaldiaren ostean. «Harrera oso ona izan zuen, herritarrei asko gustatu zitzaien, eta oso pozik geratu ginen», azaldu dute Alurretik. Ikuskizun honekin joango dira Altsasura, hilaren 28an. Alurr Dantza Eskolako 13-14 urteko dantzari gazteak dira ikuskizun honetako protagonista. Gaiaren ardatz nagusiak  dantza, kantua, euskara, dantzan hazi, kantuz bizi eta euskaraz hezi dira. «Gure sustraiak ez galtzeko beharra transmititu nahi du, baina, aldi berean, bere izaera berritzailea da. Gure dantza, kantua eta hizkuntza batu eta uztartzen ditu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!