Aranalderen aurkako euroagindu eskaera aztertuko dute gaur

Ataria 2013ko irailaren 10a

Jokin Aranalde iheslari gazteluarraren aurkako euroagindu eskaeraren inguruko erabakia emango du jakitera gaur Paueko Dei Auzitegiko Instrukzio Ganberak. Gazteluarrari babesa eman eta Espainiaratzeko agindua salatzeko helburuz hainbat ekimen antolatu dituzte. Euroaginduaren Aurkako Herri Mugimenduak deituta, esaterako, manifestazioa egingo dute gaur, 19:30ean abiatuta, Tolosako Triangulotik Ibarrako plazara.

Herri Mugimenduko kideak eta senitartekoak Paueko epaitegian izango dira gaur goizean Aranalderi elkartasuna erakusteko. Halaber, erakundeen babesa ere jasoko du iheslari gazteluarrak. Izan ere, Jexux Peñagarikano Ibarrako alkatea eta Ibai Iriarte Tolosakoa ere bertan izango dira.

Era berean, Ibarrako udaletxean iragan ostegunean eginiko ezohiko bilkuran Herri Mugimenduak aurkeztutako mozioa onartu zuten aho batez, Bildu eta EAJren aldeko bozkekin. Mozioarekin euroagindu eskaera salatzen du Ibarrako Udalak, «konponbidean sakontzeko garaiak direlako, guztion partetik urratsak ematekoak, eta Jokinen atxiloketa, epaiketa eta estradizio eskaera aurkako norabidean kokatzen direlako».  Tolosako Udalaren ustetan, berriz, «egun bizi dugun itxaropenerako garaian, bake nahiz normalizaziorako bidean atzerapauso dira Aranalderen kontrako euroagindua bezalakoak». Hori dela eta, Aranalderen askatasuna eskatu dute bi udalek.

Erantzun anitza eta zabala

Herri Mugimenduak Jokin Aranalderi babesa adierazteko antolaturiko ekitaldien artean, bestalde, ostiralean 70 lagun inguruk parte hartu zuten Ibarrako Emeterio Arrese pilotalekuan eginiko barrikotean. Gaurko manifestaziorako herritar guztiak gonbidatu dituzte, «eraso honek erantzun anitza eta zabala izan behar duelako».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!