Jon Ander Galarraga Biologoa
Iraila hasi berria dugun honetan, hementxe da berriz ekokulturaren txoko xume hau, eta guztia zuei esker, hor atzean ez balego inor… Badakit uda joan dela, horrelakoxea da gure klima. Lehengoan batek esan zidan: «Hau dek udara hau! Astebete berok akatzen ta geo ebie!».
Ekokultura berriro ere zabaltzeko, gure inguruan askotan gertatzen den, eta beti bezala, kaso gutxi egiten diogun fenomeno batez idatziko dut: animalien eraldaketez. Edo hobeto esanda, beldar batetik nola lortzen den tximeleta bat, edo zapaburu batetik igel bat. Beraz, begiak erne eta garunak martxan!
Sarri, konpostagailura joaten bagara, beldar edo har ugari ikusten ditugu. Begira geratzen bagara, beldar hauek jan eta jan besterik ez dute egiten. Baina beldar hauen itxura ez da etorkizunean izango duten itxuraren antzekoa izaten; beldar hau eraldatu egingo da eta hegalak dituen heldua bihurtuko da (tximeleta, euli, labezomorro…). Beraz, esan genezake, beldarrak jan eta jan aritzen diren kumetxo handiak direla.
Inoiz pentsatu al duzue zenbait animalik beldarrak zergatik ote dituzten? Ez al litzateke errazagoa izango, arrautzetik jada animalia helduen gisara jaiotzea, beren hegal eta antenekin? Bada, ez! Zorionez bizidunak konplexuagoak eta interesgarriagoak dira.
Beldarren zeregina jatea da, eta ahal den azkarren potolo bihurtzea. Ostean, beren listuarekin, zeta izeneko haritxo batzuk sortzen dituzte, eta hauekin, pupa deritzon zorro bat eraikitzen dute. Pupa honen barruan, beldarra, gure tripa barruan txuleta zati bat bezala, desegin egiten da; zuku horretatik, berriro lau hegal, sei hanka eta bi antena dituen zomorro heldua aterako da. Ez al dira bizidunak, futbola baino interesgarriagoak? Eta bide batez… merkeagoak?
Zomorro heldu honek normalean, hegan egingo du, beste leku batzuk bilatuko ditu, bikotekidea aurkituko du eta ugaldu egingo da. Heldu honen bizitza oso laburra izango da, eta ez du jateko denborarik izango. Sarri ez dute liseriketa aparaturik, ezta jateko balio dien ahorik ere, helduak ugaltzeko soilik daude, beraz, zertarako beste guztia? Eta hau da bere espeziearentzako abantaila nagusia.
Zomorro hauek gazte direnean jatea beste kezkarik ez dute, eta heldu direnean ugaltzea dute helburu bakarra. Honela, helduen eta kumeen artean ez dago lehiarik, gainera leku desberdinetan bizi dira eta ez dira elkar ikusten. Ez al da hau lana banatzeko sistema oso egokia?
Intsektu ia denek burutzen dute beren bizitzako eraldaketa hau, gutxien pentsatzen dugunek ere bai; adibidez erle, liztor eta inurriek. Hauen kasuan, intsektu oso sozialak direnez, beren kumetokietan dituzte beldarrak, eta pupa bihurtzen direnean goxo-goxo, abarasketan edo lurpeko gelatxoren batean gordetzen dituzte heldu bihurtu arte; azken finean, beren koloniaren etorkizuna dira. Hurrengo batean, zuen konpostagailuan inurri kolonia bat baduzue, eragin aireztagailuarekin eta arrozaren tamainako inurri pupak agertuko dira. Apur bat begira geratzen bazarete, ehunka inurri agertuko dira pupa hoien bila, eta leku seguruago batera eramango dituzte. Nork behar ditu Afrikako sabanako lehoi eta gazelak, etxe alboan honelako dokumentalak edukita?
Baina intsektuez gain, beste izakiek ere asmatu dute beldarraren sistema hau. Igelen kasuan oso fenomeno antzekoa dugu, zapaburua ere beldar moduko bat da; jan egiten du eta bat-batean, lau hanka atera, isatsa desagertu eta kanpoko airea arnasten hasten da, igel heldu baten modura. Kasu honetan, igel heldua urte gehiago, bizi daiteke, ez bizitza laburra.
Azkenaldian hondartzara joan bazarete, bertan ikus daiteke beldarra duen beste animalia bat: medusa edo marmoka. Medusa batzuk, anemona deritzon animaliaren kumeak dira. Anemona hauek ez dira beren lekutik mugitzen eta ingurunean zabaltzeko duten modu bakarra, kume igerilariak sortzea da.
Eta beldarrak gora eta behera, gizakia datorkit gogora. Gizakiak ez du beldarrik, baina umea denean helduarekiko nahiko ezberdina da. Zu eta ni umetxo oso txikiak ginenean, gure amaren barruan, isats txiki batekin igerian, parasito modukoak ginen, bere elikagaiak lapurtzen. Imaginatzen, gure umeak zapaburuen modura beldar igerilariak balira? Ospitaletan sehasken ordez igerilekuak egongo lirateke. Gero pupatik jada gure seme-alaba heldua jaioko zen, hortz guztiekin, bere kasa jaten duela eta... egia esan, lan gutxiago emango lukete modu honetara seme-alabek!
Eta hau guztia idatzi duenarekin hitz batzuk elkartrukatzeko bioaniztasunetik@hotmail.com edo Twitter-en @bioaniztasuetik. Ongi etorri gurera Ane!!!