Tolosako Aitzol Udal Euskaltegiko langileak hasi dira ikasturte berria prestatzen, eta matrikulazio kanpainaren erdia pasata, «Tolosakoaz gainerako udalak ere proiektuan parte hartzea» lortu nahi dute.
Zuzendaritza berritu dute aurten Aitzolen, eta horrela, Amando Hernandez eta Pili Otaegi izan ziren aurkezpen agerraldian, Tolosako Udaleko Hezkuntza eta Hizkuntza politikako zinegotzi Inaki Irazabalbeitiarekin batera. Eskualdera zabaltze horretan bat etorri ziren guztiak, izan ere, herri txiki batzuek euskaltegiko zerbitzua jasotzeko interesa erakutsi diete aurten ere: «Lehendik ere Tolosaldeko herri txikietan aritzen ginen, Larraulen eta Asteasun esaterako, eta hauez gain, aurten Ibarratik eta Adunatik deitu digute. Modu honetara, bailara inplikatu nahi dugu gure funtzionamenduan», azaldu zuen Hernandezek.
Bide honetan, beste udalei dei egin zien Inaki Irazabalbeitiak: «Eskualdeko euskaltegi bakarra denez, betidanik eskualdeko izaera eduki izan du Aitzolek, eta hori aberasgarria da. Gure asmo politikoa, ordea, ez da soilik eskualdeko euskaltegi izatea; gainerako udalek ere proiektu honetan parte hartzea nahi dugu, eta lan egin beharko dugu horretarako».
Matrikula merkeagoa aurten
Euskaltegiko izen ematea ordaintze horretan, eta Tolosako Udalaren laguntzaz, ikasleek gutxiago ordaindu beharko dute aurten.
Orain arte, matrikularen kostu osoa ordaintzen zuten guztiek, eta klaseetara etortzen ziren ikasleei hobaria itzuli egiten zitzaien. Aurten, berriz, matrikularen erdia kobratuko diete hasieratik, eta asistentzia eskasa duten ikasleek beste erdia ordaindu beharko dute gero. Pili Otaegik azpimarratu zuenez, «eremu honetan indar berezia egin behar da gainerako herrietako udalekin, izan ere, kanpokoek gehiago ordaindu behar izaten dute matrikula, eta ikasle asko etortzen dira eskualdetik».
Ostiralera bitarte izena emateko aukera izango da, eta jada 170 ikaslek egin dute izen ematea: «Iaz 250 ikasle izan genituen, eta aurten gustura gaude matrikulazio kanpainarekin».
Arduradunek, dena den, izen ematea amaierara arte ez uzteko azaldu dute. Epea amaitutakoan ikasleak onartzen badituzte ere, ordutegia erabakitzeko aukerarik gabe geratuko lirateke.