Bakoitzak bere ordutegia

Ataria 2013ko irailaren 6a

Euskara ikasteko oztopo nagusietako bat ordutegia izan ohi da, euskaltegikoak familiarenarekin edo lanarenarekin bat egiten duenean. Aitzol Udal Euskaltegiak badu horretarako erremedioa: autoikaskuntza.

Aurki ekingo diote ikasturte berriari Tolosako Aitzol Udal Euskaltegian, eta dagoeneko zabalik dute matrikula egiteko epea. Euskararen ikaskuntzan aurrera egin nahi baina ikasgelen ordutegiak ondo egokitzen ez zaizkionari beste aukera bat ematen dio euskaltegiak: autoikaskuntza.

Amando Hernandez euskaltegiko zuzendariak azaldu duenez, «2006tik dugu martxan euskara ikasteko aukera hau». Tutoretza hamabost egunean behin egiten da, ordu erdikoa. «Etxean egindako lana, emandako unitatea, Internet bidez egindako ariketak, zalantzak...  ikusten dira, eta hurrengo unitateari buruzko informazioa banatzen zaie».

Ikasle bakoitzak bere tiradera du. Bertan uzten ditu egindako lanak eta irakasleak ariketa horiek zuzendu ondoren tiraderara itzultzen dizkio. Ikasturtea unitateen bidez lantzen dute, horretarako euskaltegian bertan sortutako koadernoak erabiliz. «Normalean gai baten inguruan sortzen ditugu, eta lanketa egin ondoren, bukaeran egiteko bat jartzen da», azaldu du Hernandezek. «Ariketa batzuk oso mekanikoak dira, beste batzuk sailkatzekoak, alderdi gramatikala ere hor dago...». Koadernoarekin batera erantzunen orria ematen zaie, ikasle bakoitzak autozuzenkenta egiteko. «Gero tutorearekin zalantzak argitzen dituzte. Esaterako, erantzunetako bat zergatik dagoen oker», zehaztu du Hernandezek.

Koadernoarekin batera entzungairen bat izaten dute egiteko. Diskoak ikasturtearen hasieran ematen zaizkie ikasleei. Bestalde, HABEk sortutako Boga aplikazioa erabiltzen dute ikasleek, hainbat ariketa egiteko.

Aurreko guztiak norberak egiten ditu, etxean edo nahi badu euskaltegian bertan horretarako egokituta duten gunean. Astean behin mintza saioa izaten dute, eta horretarako euskaltegian elkartzen dira. Gai baten edo testu baten inguruan, elkartzen direnak hitz egitea da helburua. Hernandezek gaineratu duenez, autoikaskuntzak mintzamenean du ahulezia nagusiena: «Hitz egiteko bi pertsona behar dira. Tutoretza mintza saio gisa onartu daiteke, baina hori ez da helburua. Mintzamena praktikatzeko astean behin egiten diren saioak erabiltzen dira».

Modalitate honetan euskaltegian curriculum berriari egokitzen joan dira, Hernandezek adierazi duenez: «Ez da hainbeste ikasleak baldintza eta subjuntiboa ikastea, edo hiztegi bereziren bat, baizik eta eginkizuna markatu eta eginbeharrekoa sortzen joatea. Erabilerari lotutakoa izan behar du».

Autodiziplina, beharrezkoa

Idoia Zabaleta, Maite Caminos eta Nerea Yurrebaso dira Aitzol Udal Euskaltegian autoikaskuntza erabili duten hiru ikasle. Zabaletak hiru urte egin ditu euskara ikasten modu horretara. Beste garai batzuetan ere ikasi izan du euskaltegian. Orduan talde baten barruan egon zen. «Orain hiru urte hasi nintzen berriro. Nire familia euskalduna da eta nire ingurua euskalduna da, baina ni ez naiz euskaraz nahi bezala moldatzen. Bi alaba ditut, eta euskara berriro ikasten hasi nintzenean, zaharrenak bederatzi urte zituen eta berarekin euskaraz hitz egiteko zailtasunak nituen», azaldu du Zabaletak.

Autoikaskuntzaren hautua egin zuen, berari ondo zegokion unean ikasteko. «Bestela, ordutegi bat dago eta hori alaben ordutegiarekin moldatzea zaila zen», esan du Zabaletak, eta gaineratu: «Autoikaskuntzak ikaslearen aldetik asko eskatzen du. Zuk ez baldin baduzu zure ahalegin guztia jartzen, mantso joaten zara. Nik pentsatzen nuen aldrebes izango zela, baina zu bakarrik egotean, esfortzu handiagoa eskatzen du». Bestalde, euskaltegiak modalitate horretan duen eskaintza gustatzen zaiola dio, baina emaitza norberaren esfortzuaren araberakoa izaten dela nabarmendu du.

Zabaleta aurtengo ikasturtean bigarrengo perfila ateratzeko mailan ariko da, baina oraindik ez du guztiz erabaki autoikaskuntza ala ikasgela aukeratuko duen.

Maite Caminosek urtebete egin du autoikaskuntzarekin. «Bi haur ditut, beste ikasketa batzuk egiten ari naiz, eta ez daukat denbora gehiegirik. Horregatik, autoikaskuntza nahiko modu erosoa da ikasteko», esan du Caminosek. Ikasleek irakaslearengana jo dezakete zalantzaren bat dutenean, eta hori asko baloratzen du Caminosek: «Bai Internet bidez, edo baita telefonoz ere harremanetan jarri zaitezke. Ez zara euskaltegira egunero etortzen ari, baina sentsazioa da denbora guztian harremanetan zaudela irakaslearekin».

Caminos beste ikasketak ere Internet bidez egiten ari da, eta, beraz, badaki autoikaskuntzak zer lan dakrren: «Autodiziplinatua izan behar duzu, eta lana egin behar duzu, bestela ez du ezertarako balio. Nik egunero ordubete inguru egiten nuen». Hirugarren perfila, hau da, EGA titulua ateratzeko aritu da ikasten azken ikasturtean.

Nerea Yurrebasok ere denbora faltagatik aukeratu zuen autoikaskuntza egitea. «Probatzea pentsatu nuen, eta egia esan esperientzia ona izan zen», dio, eta bere alde onak eta txarrak dituela nabarmendu du: «Orain denbora pixka bat gehiago dut, eta nahiago dut harreman presentziala izatea; irakaslearekin eta beste ikasleekin harremana izatea garrantzitsua da, batez ere mintzamena lantzeko».

Aurreko bien moduan, Yurrebasok ere lana egin behar dela nabarmendu du: «Online formakuntza beti horrela da, autodiziplina gehiago behar duzu. Bere alde ona ere badu, zeure buruari buruz ikasteko ere balio duelako». Bigarren perfila atera berri du, eta hirugarrena atera nahi du. «Udaletxe batean lan egiten dut eta horregatik behar dut perfila, baina niretzat garrantzitsuena euskara ikastea eta hitz egitea da. Nire harreman pertsonal gehienak euskaraz dira, eta horregatik garrantzitsua da niretzat».

Euskara ikasi nahi duenak, eta euskaltegiko ordutegira moldatzeko zailtasunak dituenak, beraz, ez du aitzakiarik matrikula egiteko. Aitzol Udal Euskaltegian irailaren 13a arte dago zabalik horretarako epea. Autoikaskuntzan ere aurrerago matrikula egiteko aukera badago, baina euskaltegitik gomendatzen dute lehenbailehen egitea, diru laguntza ikasle kopuru jakin batentzako baitago.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!