Urteko hilabeterik lasaiena izan ohi da abuztua gurean. Opor egunak dira herritar askorentzat, eta Tolosaldetik at igarotzeko baliatzen dute askok. Gainera, gurea barnealdeko eskualdea izanik, ez da bisitarien kopuru handiagatik nabarmentzen. Ondorioz, gure herriko kaleak ohi baino hutsagoak ageri dira. Hori bai, baliteke aurtengoan ez hainbeste nabaritu izana joera hori, krisiaren ondorioz herritar askok etxean gelditzeko hautua hartu baitute.
Hilabete lasaia izan arren, badira azpimarratu beharreko gertakariak: Jaiek eskualdeko herri ugari alaitu dituzte; saharar haurrek ahaztu ezinezko bi hilabete igaro dituzte; eta Tolosaldeko kirolariek emaitza onak utzi dituzte. Albiste beltz edo ez hain pozgarrien artean, Ibarrako jaietako eraso sexista, eta bi heriotza aipatu behar dira.
Herriko festak
16 herri jaietan murgildurik. Tolosaldeko herri gehienek abuztuan ospatzen dituzte jaiak. Horrela da, Larraul, Berastegi, Ikaztegieta, Albiztur, Baliarrain, Orendain, Hernialde, Aduna, Zizurkil, Gaztelu, Amezketa, Bidania, Goiatz eta Ibarraren kasuan. Hilabete osoa, beraz, jai giroan igarotzeko aukera paregabea izan da. Jaien lekukoa hartzen azkena Berrobi izaten da. Hain zuzen ere, herenegun amaitu zituzten herriko festak berrobitarrek.
Udaberri Hungarian
Hungariako folklore jaialdian izan dira dantzari tolosarrak. Udaberri taldea Hungarian barrena ibili da abuztuan, eta herrialde hartan hainbat emanaldi eskaintzeko aukera izan du. Folklore jaialdiak bost egun iraun zituen arren, Hungariarainoko bidaia baliatuz Europako beste hainbat toki ere bisitatu dituzte. Bidaiak Europako beste herrialdeetako kulturak ezagutzeko aukera eman die: «Gutako hainbatentzat guztiz berria izan da beste era bateko dantzak eta kantuak ikustea», adierazi dute. Era berean, ikusleen artean harrera «bikaina» izan dute euskal dantzek, «gainerakoengandik guztiz desberdinak direlako, askoz ikusgarriagoak». Aurrera begira, Estatu Batuetara joateko asmoa du Udaberrik, Boisen (Idaho) antolatzen duten euskal dantzen jaialdian parte hartzera. «Hara joateko izena eman dugu, baina badakigu oso zaila izango dela aukeratuak izatea», esan dute.
Sahararren uda
22 haur saharar izan dira eskualdean, bi hilabetez. Tolosaldeko udalek eta Tolosaldea Sahararekin elkarteak antolatzen duten Oporrak Bakean ekimenaren barruan, 7 eta 12 urte bitarteko 22 neska-mutil saharar izan dira Tolosaldean uda igarotzen. Ekainaren 25ean ailegatu ziren, eta euren familia hartzaileekin, nahiz aterpetxean bi hilabete ahaztezin igaro ostean iragan abuztuaren 25ean hartu zuten saharar errefuxiatuen kanpalekuetara itzultzeko hegazkina. Askotariko jarduerez gozatu ahal izan dute euren egonaldian, eta azkena, abuztuaren 23an Tolosako Zerkausian egin zuten agur jaialdia. 80 lagun inguruk hartu zuten parte herri afarian, eta ondoren saharar musikaz gozatu ahal izan zuten zuzenean. Datorren urtean Tolosaldera itzultzeko ilusioarekin agurtu zituzten euren familia euskaldunak saharar gaztetxoek.
Eraso sexista
Emakumeenganako indarkeria kasua Ibarrako jaietan. Abuztuaren 24ko gauean emakume bat erasotua izan zen Ibarrako jaietatik etxerako bidean. Arpegia estaldurik zuen gizon baten erasoa jasan zuen. Antza, emakumea defendatu zenean eta bizilagunak ohartzen hasi zirenean ihesi joan zen erasotzailea. Ibarrako udalak eta jai batzordeak gogor salatu dute erasoa: «Jai gunea, jaiak, emakumeek aske eta lasai bizitzeko lekuak direla eta emakumeek espazio publikoa lasai erabili dezaketela uste dugu, eta horrela izateko lanean jarraitzeko konpromisoa berresten dugu. Eraso hau ez da kasu isolatua, jaietan eta jaietatik at ere erasoen berri izaten baitugu ia egunero Euskal Herrian. Matxismoa da erasoaren atzean dagoena, jendarte patriarkala, jendarte kapitalista. Eta indarkeria sexistarekin bukatzeko kapitalismo patriarkalarekin bukatzea beste biderik ez dago; hamaika neurri hartu ditzakegu erasoen aurka, baina jatorriarekin bukatu arte ez dugu indarkeria sexistarekin bukatuko», adierazi dute.
Sutea
Villabonako Frigo lantegian. Abuztuaren 21eko gauean Villabonako Frigo lantegian sortutako suteak kalte material larriak eragin zituen.
Kirolak
Iker Karrera, maila ezinhobean. Amezketako lasterkariak Gran Raid des Pyrenees irabazi zuen abuztuaren 23an. Estreinakoz hartu du parte 160 kilometro luzera duen proban. 24 ordu eta 54 minutu behar izan zituen Karrerak helmugara iristeko. Amezketarraren hurrengo erronka Tor Des Geants proba izango da.
Sega apustua beteranoaren alde. Joakin Garmendia anoetarrak irabazi zuen abuztuaren 24an Anoetako ikastola ondoko belardian Irati Astondoaren aurka jokatu zuen sega apustua. Ordu erdia eta gero, Anoetakoak 380,5 belar kilo ebaki zituen, eta segalari bizkaitarrak, berriz, 340,5 kilo moztu zituen. Ikusmin handia piztu zuen apustuak, 700 ikusletik gora bildu zirelarik. Batetik, adin tarteagatik, Joakin Garmendiak 68 urte eta Irati Garmendiak 22 baititu, eta bestetik, 46 urte ziren azkeneko aldiz emakume batek apustua jokatu zuela.
Irene Kaminos, hirugarren, mundukoan. Biketrial txirrindulari tolosarrak hirugarren postua lortu zuen Suitzan jokatu zen Munduko Trialsin Txapelketan, kadete mailan.
Carlos Peñak erronka gainditu du. Igerilari tolosarrak gaixotasun arraroen alde 24 orduz egin zuen igeri, Nafarroako Allozko urtegian, uztailaren amaieran.
Leaburuko behorra, munduko txapelketan. Talita Kumi %50 izena duen eta Jon Fernandez de Antona leaburuarrarena den behorrak Munduko Enduro Txapelketan laugarren postua lortu zuen uztailaren amaieran, Tarbesen (Frantzia). Behorra gidatu duena Oriana Ricca uruguaiarra izan zen, 2011n munduko txapelduna. Lorpen horren ostean, President of United Arabians Endurance Cup lasterketara gonbidatuak izan dira, 2014ko otsailaren 14n Abu Dabhira. Lasterketa hori munduko garrantzitsuena da gaur egun.
Heriotzak
Iosu Otaegi. Argazkilari tolosarra hil zen abuztuaren 26an, 51 urterekin. Klisk argazki dendako argazkilaria, Diario Vasco egunkariko Tolosako argazkilaria ere izan zen urte askoan. Horrez gain, Tolosako hainbat ekimenetako argazkilaria ere bazen, Tolosako Ekinbide Etxeak antolatutakoena, kasu. Tolosaldeko Hitzak ere maiz argitaratu izan ditu Otaegik eginiko argazkiak. Irudi horien premia izan duenean argazkilariarengana jo, eta honek prestutasun osoa izan du beti horiek uzteko.
Maria Luisa Agirre. Abuztuaren 18an Maria Luisa Agirre medikua hil zen, 94 urterekin. Garrantzi handiko pertsonaia izan da Tolosan, belaunaldi askoren medikua izan baitzen. Medikua eta emakumea, horiek biak izatea gauza makala ez zen garaian. Leaburun bizi zen azken urteetan. Bertako Osasun eta Kultur zentroak bere izena darama, eta baita Tolosako Alde Zaharreko kale batek ere, haren omenez. 90 urte zituela Gipuzkoako Medikuen elkargoaren eskutik omenaldia ere jaso zuen.