Fermin Muguruza eta bere lagunek sutan jarri dute Bonberenea

Ataria 2013ko irailaren 3a

Fermin Muguruza eta Kontrakantxa bandak No More Tour 2013 itzuliari amaiera eman zion larunbatean, Tolosan, eta Bonberenea Sutan egitasmoaren barruan. Jende ugari elkartu zen kontzertu festa ikusteko asmoz, eta giro ederrean, Zuloak taldearekin jarri ziren dantzan. Ondoren, Anai Arrebak, Muguruza, Bad Sound Systen eta Ziribulio Sound System-ek girotu zuten jaia eguna argitu bitarte. Bonberenea Sutan-en azken edizioa izan daitekeenarekin batera, Tolosan, Gau Giro 2013 egitasmoaren azken emanaldia egin zen asteburuan. Ostiralean, Barrua Truk musika taldeak kontzertua eskaini zuen Oria kalean egokitutako eszenatokian.

Gau Giro udako ekitaldi kulturalez osaturiko agenda da, eta Oinkari dantza taldeak zabaldu zuen uztailaren 13an. Ondoren, Tolosako Musika Banda, Udaberri dantza taldea, Manent eta Hector Manuel Salcedo musikariak igo dira oholtzara. Barrua Truk-en kontzertua izan da Gau Giro 2013ko azken ekitaldia.

Musikarekin batera, kirolak ere izan du tartea Tolosan. Ostalariek antolatutako Udako Azken Festaren barruan, IV. Boleibol Txapelketa jokatu da. Plaza Berrian hondartza jarri ondoren, hiru egunetan zehar, 20 talde aritu dira lehian. Finala larunbatean jokatu zen, eta Photokafe taldea nagusitu zen. Bigarren, Txanpa Latinoko kideak sailkatu ziren, eta hirugarren Agustineneakoak. Antolatzaileak oso gustura gelditu dira egun hauetan bizitakoarekin, izan ere, «izugarrizko jende piloa ibili da partidak jarraitzen, eta kirolarien maila ere oso ona izan da».

Amezketan, bestalde, Ikurrinaren Festa ospatu zuten larunbatean. Egun guztiko egitarauan ikurrinaren dantza, txakolina eta pintxoak, eta zahagi afaria egin zituzten, besteak beste, udalaren laguntzarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!