Mundu zabaleko merkatuen bila

Ataria 2013ko uztailaren 24a

Pasa den apirilean eskualdeko nazioarteko merkatuetan trebatzeko masterra aurkeztu zuen Lehiberrik. Hainbat espezialitate eta adinetako langabetuak amaierako proiektuan buru-belarri ari dira orain.

Apirilean eduki teorikoekin eta hizkuntzekin hasitako masterra, eskualdeko enpresetako proiektuarekin amaitu beharko dute ikasleek.

Tolosaldean badute tradiziorik, merkatuak eta salerosketak. Nekazaritzari eta bertako produktuei loturiko jarduna da, ordea, herritarrek gehien ezagutzen dutena. Lehiberri zentroaren egitasmo bati esker, eta ikasketen eta lan munduaren espezializazioari loturik, eskualdeko 15 langabetuk beren prestakuntza hobetu eta lan merkatura sartzeko bidea argiago ikusi zuten pasa den apirilean, master berri baten bidez. Marketina eta nazioarteko salerosketa ardatz hartuta, izaera komertzialeko lizentziatuei begira antolatu zuten masterra, eta ikasleek gaur egun esku artean dute jada, datorren irailean entregatu beharreko proiektua.

Lehiberri zentroak Lanbiderekin elkarlanean sorturiko goi mailako ikastaro hau zentroak eskaini duen lehen masterra da, eta aukeraketa prozesua pasa zuten 15 ikasleek doan jaso dituzte eskolak. Lehiberri Foroko Unai Anduezak nabarmendu duenez, «oso prozesu zorrotza izan zen aukeraketarena, eta ikasketa eta profil komertzialeko herritarrak hautatu genituen».

Nazioartera begira jartze horretan, hiru zati nagusi izan ditu prestakuntza honek. Batetik, merkatuen inguruko informazioa, aduanak, negoziazioetarako gakoak eta antzeko gaiak izan dituzte hizpide, eta masterraren nazioartekotasuna medio, bigarren zatia hizkuntzei begirakoa izan da; horrela, ingeles eta frantses komertziala landu dituzte, maila altuan. Azkenik, kasu praktiko baten analisiak osatuko du ikastaroa, eta ikasle bakoitzak eskualdeko enpresa batean burutuko du azken proiektu hau.

Ekonomiaren esparru honetan trebatzen ari diren ikasleak bi motatakoak direla azaldu du Anduezak: «Batetik, ikasketak amaitu berri dituzten ikasleak daude, eta lan munduan ez dute halako esperientziarik; hala ere, eskatu dugun profilarekin bat egiten dute. Bestetik, 40 edo 50 urte inguruko jendea ere ari da masterrean, eta profil komertziala dute, urteetan barrena esparru honetan lanean aritu direlako; zoritxarrez, lanik gabe geratu dira». Aipatzekoa da, masterra egiten hasi ziren 15 ikasleetatik 12 geratzen direla, izan ere, bik lana aurkitu zuten, eta bestea atzerrira joan da beka baten bidez.

Ikasleen profila komertziala den arren, oso arlo desberdinetako jendea elkartu da masterrean: farmazia, enpresa zuzendaritza, giza zientziak eta enpresa, nekazal ingeniaritza nahiz giza zientziak eta komunikazioa ikasitako jendea elkarrekin ari da, esaterako.

Guztiak, ordea, bat etorri dira ikastaroaren izaera trinkoa azpimarratzerakoan: «Oso denbora gutxian eduki asko ikasi dugu, eta egia esan nekea ere nabari da. Hala ere, orain dator interesgarriena, eta baita zailena ere, proiektua alegia».

Bide honetan, nazioarteko esportazioa eta marketina guztien lanerako gaia den arren, nolabait beren jatorrizko ikasketetara bideratu dituzte, oro har, proiektuak.

Enpresen beharrak asetzeko

Master amaierako proiektua egiterakoan, eskualdeko enpresen beharrak ezagutu behar izan dituzte, lehenik, Lehiberriko arduradunek.

Horrela, beraz, enpresek beren produktu edo zerbitzua zein herrialdetara eraman nahi duten azaldu diete ikasleei, eta hauen zeregina izango da, produktu eta zerbitzu horiek lurralde jakin horietan zein lehiakide izango dituzten jakitea, edo produktuei lurralde horietan tarte bat egitea.

Hego Amerikara, AEBetara nahiz Indiara begira daude, beraz, Lehiberriko ikasleak, eta badute itxaropenik etorkizunerako: «Guztiok gaude langabezian, eta enpresa hauetan lanerako hartuko bagintuzte, perfektua litzateke».

Ikasleen esperientzia

Juan Carlos Ariztorena

Farmazialaria (Alegia)

«20 urte baino gehiagoz ospitale batean lanean aritu ondoren, lanik gabe beratu nintzen. Master honen bidez, nazioarteko marketin eta merkataritzan dauden aukerak ezagutzeko helburua dut, izan ere, gauzak dauden moduan, enpresa guztiek atzerrian saldu nahi dute, eta aukerak sor daitezke».

«Nik Tolosako Casa Eceiza enpresarekin egingo dut proiektua, Ingalaterran eta Erresuma Batu osoan era planifikatuan saltzeko. Jada esportatzen dituzte produktuak hara, baina antolatu egin nahi dute esportazio hori».

Iraia Urreaga

Nekazal ingeniaria (Villabona)

«Nekazal ingeniaria naiz, eta pasa den otsailean amaitu nituen ikasketak. Unibertsitatean ingeniaritza ikasketak amaitu bezain laster master hau egiteko aukera atera zen, eta gustatu egin zitzaidan, ezaugarri interesgarriak zituela iruditu zitzaidan; horregatik eman nuen izena».

«Nik ura gatzgabetzeko makina batekin egingo dut proiektua, Perun eta Kolonbian. Zenbait eskualdetan arazoak dituzte urarekin, eta produktu interesgarria da han. Turismo zonaldeetan eta nezkazal eremuetan aplikatzeko balio du makinak».

Irati Karrera

Giza Zientziak eta Enpresa (Tolosa)

«HUEM ikasi nuen. Urte betez Kutxabanken lanean aritu eta kontratua amaitu zitzaidan. Ekonomiaren egoera ikusita, eta enpresek zer eskatzen duten ikusirik, marketina eta kanpo merkataritza interesgarriak iruditu zitzaizkidan; Donostiako Camarako antzeko proiektu bat uztartu dut honekin».

«Malasiako enpresa batekin egingo dut proiektua. Apattan badute lantegi bat, eta esportatzen dute, baina orain Hego Amerikan ikusi dute aukera. Beren asmoa Peruko banatzaileekin epe luzerako harremanak izatea da».

Lide Lete

Enpresa administrazio eta zuzendaritza (Tolosa)

«Marketineko espezialitatea ikasi nuen gero. Praktika batzuen ondoren, ez nuen ziur ikusten non lan egin nahi nuen, galduta nenbilen. Master hau egiteak ate gehiago zabalduko zizkidala pentsatu nuen, eta baita kanpora joateko aukerak ere. Oraingoz ikusi duguna oso interesgarria da».

«Proiektua zerbitzu baten inguruan egingo dut. Ingeniaritza enpresa berri bat da, eta ingeniariei soluzioak ematea da beren helburua. Orain, AEBetan zein aukera izan ditzaketen jakin nahi dute, eta zein estrategia erabili behar dituzten ere bai».

Moira Ezeiza

Giza zientziak eta komunikazioa (Tolosa)

«Ia hiru urtez elkarte batean lanean aritu, eta kontratua amaitu zitzaidan. Interneten hara eta hona nenbilela topatu nuen kurtsoa. Interesgarria eta trinkoa iruditu zitzaidan, edukiez gain, hizkuntzei ere tarte handia eskaintzen zielako. Aurrera egitea erabaki nuen, lan munduan aukera gehiago izateko».

«Besteak beste call center-ean aritzen den enpresa batean egingo dut proiektua . Peru eta Kolonbian sektore oso indartsua da, eta enpresak bertan egon nahi du. Beraz, gehienbat aukerak aztertu beharko ditut zerbitzu honen inguruan».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!