Igandean tximista batek jota larri zauritu zen 12 urteko tolosarraren osasun egoerak hobera egin du, eta tratatu duten medikuen arabera, «larritasunaren barnean, egonkor eta kontziente» dago.
Hirukide Ikastetxeko Kirikiño Aisialdi Taldeak urtero Belagoan (Nafarroa) antolatu ohi duen kanpamentuan zegoen zauritutako haurra. Huescako Anso bailaran zehar hiru eguneko txango bat egiteko asmoz irten zen 30 haurreko talde bat larunbatean Belagoako kanpamendutik. Lehen egunean Belagoa eta Zuriza bitarteko ibilbidea egin zuten.
Ezbeharra, berriz, igande arratsaldean gertatu zen, 14:40ak aldera. Zurizatik Petrechema mendira igo, eta gainean zeudela, tximista batek jo zituen haurrak. «Guztiok nabaritu genuen kalanbrea, eta belarrietan soinua jarri zitzaigun» azaldu du aisialdi taldeko arduradunetako batek. Bereziki, P.U.M., 12 urteko tolosarra jo zuen tximistak.
«Igoerari ekin aurretik eguraldi ona zegoen. Hodeien bat ikusten zen urrutian, Hiru Erregeen Mahaian, baina besterik ez. Petrechemara igo eta orduantxe hasi ziren tximistak. Guri bakar bat erori zitzaigun, gainontzekoak, urrutian erori ziren. Ez zigun euririk ere egin. Momentuko zerbait izan zen, ezustean harrapatu gintuen» azaldu dute arduradunek.
Monitoreek segituan eman zieten gertakariaren berri larrialdi zerbitzuei, eta Huescako Goardia Zibila, Jacako mendiko erreskateetako espezialista taldea eta medikuak gerturatu ziren tolosarrak zeuden eremura. Handik, Zaragozako Miguel Servet erietxera eraman zuten larri zauritutako haurra helikopteroz.
Osasun zentroak jakinarazi duenez, tolosarra Zainketa Intentsiboetako Unitate (ZIU) pedriatikoan da ingresatuta, eta tximistaren eraginez, erredura elektrikoak ditu. Diagnostikoak hobera egin du azken orduetan, eta gaur proba gehiago egingo dizkiote. «Kanpamentura itzultzeko gogoa duela» adierazi dute medikuek.
Bestalde, beste sei haur ere eraman behar izan zituzten Hechoko osasun zentrora zorabio eta belarriko minekin, baina onik daude eta kanpamentura itzuli ziren igande arratsaldean bertan.
Normaltasunera itzuli nahian
Oraindik sustoa gorputzean zutela, Zurizan igaro zuten igandeko gaua. Atzo, berriz, normaltasunera itzuli ziren haurrak. Zurizatik Belagoako kanpamenturako bidea egin zuten eta ohiko ekintzak egiten jarraitu zuten. «Gertatu zitekeena askoz ere okerragoa izan zitekeela ikusita, pozik egoteko arrazoiak ere baditugu. Susto handi bat izan da» adierazi dute arduradunek. Ia bi asteko kanpaldiaren ondoren, igande honetan itzuliko dira haurrak euren etxeetara.