Dolce Tangana: «Konfiantza daukagu gugan, gustatzen zaigun zerbait egitera goazelako»

Ataria 2013ko uztailaren 18a

Tolosa, Ibarra eta Villabonako zazpi gaztek osatzen dute Dolce Tangana taldea. Duela sei urte hasi ziren lehen entseguak egiten. Bi urtez aritu ziren lan horretan lehen kontzertua eman aurretik, baina azken bi urtetan geldirik izan dira. Bitarte horretan taldeak aldaketa asko jasan ditu, eta doinu berriak prestatzen aritu dira jo eta su.

Aldaketa horiek gaur gauean azaleratuko dituzte lehen aldiz Otsabi elkartean, eta datorren asteazkenean Villabonan eskainiko dute kontzertua. Julen Caminos, Javi Rivero, Jon Altuna eta Antton Telleria taldekideak, bigarren estreinaldi honen inguruan dituzten sentsazioak azaldu dituzte.

Gogoan al duzue zein izan zen eman zenuten azkeneko kontzertua?

Julen Caminos: Duela gutxi horren inguruan aritu gara hizketan, eta horregatik erantzungo dizut, bestela ez nintzen gogoratzen. Ibarran izan zen, duela ia bi urte.

Javi Rivero: Euskal Herria eguna antolatu zuten Ibarran, Lizarra eta Algortako herriekin batera, eta gaztetxean eman genuen kontzertua. Bete egin zen.

Horren aurretik emandako kontzertuetatik, zeintzuk azpimarratuko zenituzkete?

J. R.: Ibarran emandakoaz gain, Izaskun auzoko festetakoa izan zen nire ustez hoberena.

J. C.: Txosnetan Glaukoma taldearekin eman genuena ere oso ona izan zen. Jendez gainezka zegoen.

Antton Telleria: Eta estreinaldia ere ondo egon zen...

J. C.: Niri ez zitzaidan gustatu, oso nerbioso geunden.

J. R.: Aukeraketa egin beharko bagenu uste dut, guk eta publikoak gehien disfrutatu genuen kontzertuak Ibarra eta Izaskungoak izan zirela. Azken honetan, gainera, euria ari zuen eta jendearen erantzuna ikaragarria izan zen.

Hasierako urte horiek nolakoak izan ziren zuentzat?

A. T.: Nahiko azalekoak izan ziren. Beharbada gauzak ez genituen nahi bezala prestatu. Pasa izan zitzaiguna gutariko asko beste talde batzuetan ere aritzen garela izan zen, eta ez genuela tarte handiegirik asko entseatzeko. Baina orokorrean gustura aritu ginen.

J. R.: Eszenatokiekin lehen hartu-emana izan genuen, mundu honek nola funtzionatzen duen jakiteko balio izan zigun.

A. T.: Bestalde, esan behar da lehen kontzertua eman aurretik bi urtez aritu ginela prestatzen. Nik DBH3, DBH4 eta batxilergoko lehen maila egin nituen entseatzen hasi ginenetik, lehen kontzertura arte. Talde honen ezaugarri nagusienetako bat egonkortasun eza izan da.

J. R.: Baina aldatu gara, eta orain berriz ere indartsu gatoz.

Zer egin duzue geldialdiak iraun dituen ia bi urte hauetan?

J. C.: Entsegu asko egin ditugu, izan ere, argi geneukan ez genuela txapuza bat egin nahi, ez genuen prezipitatu nahi.

J. R.: Lehen Anttonek aipatu duen moduan gauzak nahiko azalekoak ziren lehen, eta orain ondo landu ditugu. Analizatu dugu ea zer gustatzen zitzaigun eta zer ez. Eta gauza bera jendearekin. Gauzak argi ikusi ditugun arte, denbora asko aritu gara hizketan nahi genuen hori lortzeko. Baina berdin zitzaigun denbora horretan galtzeak, ondoren zerbaitetarako balio izan du. Behin nahi genuen hori definituta, fintzen joan gara guztia, eta orain lortu dugu gutariko bakoitza benetan konbentzituta egotea egingo dugunaz, gogoz egotea. Gure buruarengan konfiantza osoa daukagu, benetan gustatzen zaigun zerbait egitera goazelako.

A. T.: Ordu asko eman ditugu lanean, gogor. Akaso ez da nabaritu oraindik presente geundela, baina bai, entseatzen ari ginen.

J. R.: Beste erronketako bat hori izan da, jendeari erakustea bizirik jarraitzen genuela eta musika egiten jarraitzeko gogoz geundela.

Zer aldatu duzue?

J. R.: Hasteko musikariak. Tronpeta, tronboia eta saxofoiarekin hasi ginen; tronpeta eta tronboiarekin jarraitu genuen ondoren, eta orain bi tronboiekin ekingo diogu. Ez da ohikoa, baina horri zukua atera nahi diogu. Kantaria ere berria da. Baina aldaketa gehien estiloan eman da.

Jon Altuna: Kanta batzuk asko aldatu ditugu; letrak ere bai, koroak sartu ditugu, eta kantari berriak bere estilo propioa eman dio.

J. R.: Aldaketa horiek ondo ikusteko hoberena gaur Otsabira azaldu eta ikustea izango da. Baina orokorrean, barrutik begiratuta, gauzak gehiago landuta daude, jada ez dira azaleko kantuak. Presarik gabe forma hartzen joan dira, eta askoz ere landuagoak dira.

Gaurko kontzertuari begira, zein sentsazio dauzkazue?

J. C.: Gogoz gaude, denbora luzez aritu baikara lanean, eta lan hori erakusteko irrikan gaude.

A. T.: Ni urduri jartzen hasia naiz, izan ere oporrak izan direla, eta gutariko asko San Ferminetan izan garelako, orain gainera etorri zaigu. Hala ere, horrek badu bere xarma. Uste dut kuriositate hutsagatik jendea gerturatuko dela.

J. R.: Bigarren hartu-emana izango da nik uste, baino honek ez du hainbeste iraungo.

J. A.: Nik kritikak entzuteko gogoa daukat, eta horietatik habiatuta hobetzeko aldaketak egin.

Zein helbururekin ekingo diozue aro berri honi?

J. R.: Lehenik eta behin disfrutatzea egiten dugun horrekin. Egindako lan horrek fruituak ematen dituenean gozatu egiten da, eta hori oso garrantzitsua da.

A. T.: Hori da. Azken finean, guri musika gustatzen zaigu, eta nabari da noiz disfrutatzen duzun. Kontzertu batean nahiz eta ez hain ondo jo eta zeure buruarekin hain gustura ez gelditu, publikoarekin une hori disfrutatzeko gai izaten zara. Entseguetan, ordea, ez dago publikorik, eta ez baduzu gustura jotzen motibazioan nabaritu egiten da. Orain, esan dezaket, lortu dugula entseguetan ere disfrutatzea, eta beraz, motibatuta gaude.

Eta beste bideren bat jorratzeko intentzioren bat ba al duzue?

A. T.: Talde handia gara, eta denon nahiak ez dira berak. Nik kontzertu asko emateko gogoa daukat, ikasten disfrutatzeko.

J. R.: Kontzertuetan bakarrik pentsatzen dugu. Gogoz gaude. Hortik aurrera, denbora asko behar da, eta ez daukagu presarik. Pixkanaka goaz, eta denborak esango du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!