Pasa den ekainean Tolosako ikasleekin erein zituzten haziak, urteroko moduan.
Zinez urte txarra izan zen iazkoa, babarruna ekoizleentzat; urtez urteko bilketa datuei begiratuta, sekulakoa izan zen beherakada. 2013. urtea, ordea, ez doa bide hobetik, eta Tolosako Babarrunaren elkarteko nekazariek piztu dute, jada, kezkaren argi gorria.
Urrun dira oraindik, babarrunak biltzeko aste horiek, baina horrek ez ditu nekazariak lasaitzen. Azken hilabeteotan herritarren hizketaldiak, telebistako albistegiak nahiz egunkarietako azalak hartu dituzte eguraldi hotzak eta euriak, eta babarruna ekoizleen egunerokoari zuzenean eragin dio horrek.
Horrela, orain arte egindako hotzaren eta euriaren ondorioz, ekoizle askok ez dute, oraindik, babarrunarik erein: «Ausartak izan eta erein dutenek, berriz, bitan edo gehiagotan erein behar izan dute, eguraldi hotz eta bustiarekin ez baitira babarrunak ernetzen», azaldu dute babarruna ekoizleek.
Dinamika honek, nekazarien lana 45 egun inguru atzeratzea ekarri du soro jardunari dagokionez, eta noski, bilketa ere atzeratu egingo zaie aurten. Hori nahikoa ez, eta udazken euritsua egingo balu, kalteak «izugarriak» lirateke: «Tolosako babarruna berozalea da, eta oro har arazorik izaten ez den arren, aurtengo honek marka guztiak puskatu ditu».
Zehazturiko epeez kanpo ibiltzeak, eta soroko lanetan «ezinean» aritzeak, hainbat esparrutan kalteak ekarriko dizkie ekoizleei, eta besteak beste, denboran eta dirutan nabarituko dituzte eraginak, diotenez.
Batetik, babarruna berriro erein behar baldin bada, lurrak berriro mugitu behar izango dituzte, eta hazietan diru gehiago erabili beharko dute ondorioz; halaber, landarea ez da behar bezala hazten eta garatzen. Arazo hauengatik guztiengatik, hainbat baserritarrek etsi dute jada, eta aurtengoz ez dute babarruna gehiago ereingo; bide beretik, beste askok azalera gutxiago erabiliko dute babarruna landatzeko, badaezpada ere.
Izan ere, ekoizleek ohiko kostuaren bikoitzari aurre egin beharko diote aurten, eta kontuan izan behar da, babarrunaren prozesu osoko kostuaren %20a edo %25a ereitearena izaten dela.
Ekoizleen lanari zuzenean eragiten dieten gora-beherez gain, komertzialki ere kalte nabarmenak izango dituztela uste dute nekazariek, izan ere, «bezeroek beste bide edo alternatiba batzuk aurkitzen dituzte; berriro ere sare komertziala berreskuratzea zail suerta daiteke, eta honek gainera, etorkizunean ondorioak izan ditzake, landatzearen garapenean».
Iazko bidea, are beltzago
2012. urtean, babarrun ekoizpenaren %70a galdu zuten Tolosaldeko nekazariek, eta iaz ere babarrunari kalte egiteko baldintza guztiak bete ziren: «Hotz egin zuen udako lehen zatian, neurririk gabeko beroa eta eguraldi lehorra bigarrenean, eta etenik gabeko euria uda amaieran».
Klimaren egoera halakoa izanda, 20,5 hektarea bakarrik erein zituzten iaz, Tolosako Babarrunaren elkarteko ekoizleek, eta guztira, 9.663 kilo bildu zituzten. Hau aurreko bi urteekin alderatuz gero, ordea, galerak nabarmenak dira: 28 hektarea inguru ereinda, 34.273 kilo bildu zituzten 2010ean, eta 39.277 kilo 2011n. Horrela, «bezeroei zerbitzu ona eskaini ezinik» dabiltza ekoizleak, urtarrilaz geroztik.
Egoera honen aurrean, Tolosako Babarruna elkarteko ekoizleek beren kezka ezagutarazi nahi izan dute. Batetik, eta Ibarrako piperrekin batera, Tolosako babarruna Gipuzkoan nekazaritza estentsiboa egiteko aukera ematen duen produktu bakanetakoa dela nabarmendu dute.
Horrez gain, ordea, nekazaritzan, ostalaritzan nahiz turismoan Tolosako babarrunak duen eragin nabarmena ere gogoan izan dute: «Guztira 54 familia edo ustialeku daude, Tolosako Babarruna elkarteari lotuta, eta hauen ekoizpenak, Gipuzkoan biltzen den babarrunaren %50 edo %70a osatzen du». Halaber, elkartetik kanpo ere beste 500 ustialeku inguru leudeke Tolosaldean.
Azkenik, «Tolosako Babarruna bertako kulturan erroturiko jakia» dela gaineratu dute ekoizleek, eta gogora ekarri dute asko direla, Euskal Herrira etorri eta babarrunak dastatzen dituztenak, nahiz etxera bueltan opari gisa eramaten dituztenak.
Bildutakoa
Urtea Azalera Kiloak
2010 28 ha 34.273
2011 28 ha 39.277
2012 20,5 ha 9.663*
* Aurtengo urtarrilaz geroztik bezeroak hornitu ezinik dabiltza ekoizleak, iazko galeren ondorioz.
______________________________________________________________________________________
PSE-EEk diru laguntzak nahi ditu ekoizleentzat
Gipuzkoako Foru Aldundiak galerak konpontzeko asmorik ote duen jakin nahi izan dute, PSE-EEko kideek.
Tolosako babarrunaren ekoizleen denboraldi txarra medio, PSE-EEk diru laguntzen inguruan informazioa eskatu dio foru aldundiari, Batzar Nagusietan.
Maria Jesus Egidok, besteak beste, ekoizleen kezka izan du hizpide, eta Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismoko foru diputatuari eguraldiak eragindako kalteei aurre egiteko beharra azpimarratu dio.
Gainera, Egidok, Tolosako Babarruna babestu eta ezagutaratzearen garrantzia ere nabarmendu du, «kalitatezko produktua, Tolosakoa, Gipuzkoakoa eta geurea» izateaz gain, babarruna Tolosako gastronomiaren eta izaeraren bereizgarrietako bat dela esanez.