Zortzigarren urteurrena du aurten Atekabeltz gaztetxeak, eta gazte asanbladako kideek hamaika ekitaldi antolatu dituzte, datozen egunetarako, urtemuga behar bezala ospatzeko.
Hasteko, zesta suabizante tailerra izango dute bihar arratsaldean. Tailerraren nondik norakoak ulertzeko, nahikoa da eskola garaietara itzultzea. Izan ere, gazte asanbladatik azaldu dutenez, soinketan erremonteak egiten zituzten leungarri potoekin, eta tailer horretan ere hori egingo dute. Zesta edo erremonte horiekin jokatuko dute larunbat eguerdian txapelketa frontoian. «Ahalik eta parte hartzaileena izatea nahi dugu, horregatik, nahikoa da tailerrera joatea, ala bestela larunbatean frontoira, guk zestak eramango ditugulako».
Bestalde, urteurren afaria etzi egingo dute, gaztetxean bertan. «Parrillada egingo dugu, tertulia giroa lasaia egongo delarik». Bada, bertara joateko aldez aurretik izena eman beharko da Torrean edota gaztetxean bertan.
Urteurren eguna
Larunbata izango da egun handia, urteurren festa ospatuko dutena, hain justu. Txupinazo eta guzti hasiko dute eguna, eta txapelketaren ostean, bazkaria egingo dute. Kasu honetan ere, txartelak eskuratu beharko dira bazkarira joan ahal izateko, eta aukeran izango da bazkarirako soilik edota bazkari eta kontzerturako bonua eskuratzeko.
Bazkalostean, karrito joku poteo mitikoa egingo dute hori. Izen hori ematen diote gaztetxean duten karroarekin poteoa egitera irteten direnean. Karroan bertan musika, jokuak eta barra bera eramaten dituzte.
Iluntzean rap doinuak izango dituzte La Chula Potra Iruñeko rap kantariarekin, eta gauean, Gose taldea ariko da. Tartean jatekoa ere emango dute.
Datorren asterako bi ekitaldi utzi dituzte. Ostegunean leitzar gazte baten eskutik masaje tailerra izango da, eta ostiralean, film laburren lehiaketaren proiekzioa eta sari banaketa. Laugarrenez egingo dute aurten, eta gazte asanbladatik esan dutenez, «oso jendetsua izaten da, eta giro polita sortzen da». Parte hartu nahi dutenek egunean bertan eman beharko dute lana, edo bestela atekabeltz@gmail.com helbidera bidali. Gehienez 15 minutuko iraupena izan behar dute, eta ikusleen artean bozka gehien jasotzen duenak saritxoa jasoko du.
«Balantze baikorra»
2005eko udan sortu zuten gaztetxea, uztailaren 20an, hain zuzen. «Ilusio handiarekin» hasi ziren, eta urte hauetaz guztietaz balantze «oso baikorra» egin dute gazte asanbladatik, «herriarentzat aisirako eginiko kultur eskaintzarengatik, besteak beste». 17-30 urte arteko 20 lagun inguru dabiltza egun gazte asanbladan, eta horietatik batzuk sorreratik mantendu direnak, eta beste batzuk sartzen joan direnak dira. «Urte askotan hasieratik egondako jendea izan da, baina, azken 2 edo 3 urtetan jende gaztea sartu da, ilusioz beterik, eta lan egiteko gogotsu. Beraz, alde horretatik ere oso pozik gaude», azaldu dute gazte asanbladatik.
Egitaraua
Uztailak 18, osteguna
18:00. Zesta suabizante tailerra.
Uztailak 19, ostirala
Gauean. Urteurren afari parrillada izango da gaztetxean. Afarian parte hartu nahi dutenek Torrean edo gaztetxean eman behar dute izena.
Uztailak 20, larunbata
12:00. Txupinazoa eta erremonte suabizante txapelketa azkarra plazan.
14:30. Bazkaria: zizka mizkak, greziar entsalada, pesto pasta pesta, postrea, kafea eta kopa.
Arratsaldean. Karrito joku poteo mitikoa herritik barrena.
19:30. La Chula Potraren rap kontzertua gaztetxean.
Ondoren. Luntx bikaina.
23:00. Gose taldearen kontzertua.
Uztailak 25, osteguna
19:30. Masaje tailerra.
Uztailak 26, ostirala
22:30. Film laburren lehiaketa. Proiekzioa eta sari banaketa.