Lagunarteak duen xarma

Ataria 2013ko uztailaren 16a

Sabela betez nahiz kirola eginez, lagunartean asteburua pasatzeko aukera izan da, Tolosan eta Zizurkilen.

Joan den asteburuan bezala, azken honetan ere ez da festarako arrazoirik falta izan Tolosaldean, eta horrek erakusle dira, Zizurkilgo blusa eguna, Tolosako skate lehiaketa eta Larramendi auzoko txerrifesta.

Goizean goizetik sukalde lanetan hasi ziren, larunbatean, zizurkildarrak. Izan ere, kalean bertan prestatzen dute, gero bazkarian jan beharreko guztia. Hori aprobetxatuz, gainera, egitaraua bete, eta sukalde lehiaketa ere izan zuten. Horrela, hainbat kuadrilla aritu ziren patatak errioxar erara prestatuz, gero lehian aritzeko.

Arratsaldean, erromeriaz gozatu zuten zizurkilgo blusek, Gugaz taldearen eskutik.

Tolosan, Usabalgo skate parkean, berriz, ostiral iluntzean hasi zen jai giroa, skate erakustaldiaren ondoren barbakoa afaria egin baitzuten. Egun nabarmenena, ordea, larunbata izan zen, eta kanpaldia bertan egin zutenak, nahiz beste skatezale asko bertaratu zen lehiaketa eta erakustaldiak ikustera.

Sariak banatu eta gero, Kikara tabernako festan borobildu zuten skatezaleek, asteburua.

Azkenik, Tolosako Larramendi auzoan ere lagunartean eman dute aste amaiera, txerrifesta antoaltu eta ospatzen aritu baitira buru-belarri. Larunbat goizean haur jolas eta toka txapelketarekin hasi zuten jaia, eta bertan erretako txerria bazkaldu ondorne, iluntzera bitarte izan zen musika eta festa giroa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!