EAJk «mehatxuak eta erreketa» gaitzesteko eskatu dio udalari

Tolosaldeko Ataria 2013ko uzt. 16a, 11:16

Amasa-Villabonako EAJko zinegotziek mozio bat aurkeztu dute, udalari  «jarrera har dezan eskatuz eta atez atekoaren inposizioaren aurkako herri galdeketaren prozesuan egondako mehatxu eta hertsatzeak, eta edukiontzien erreketa gaitzetsi ditzan». EAJk bere elkartasuna adierazten die suaren eragina jasan duten bizilagunei, baita Patxi Agirreri eta Patxi Amantegiri ere, «Sortuk bidegabeki gertatutakoaren ardura leporatu izanagatik».

Mozioak bost puntu ditu. Lehenengoak, «Amasa-Villabonako herri galdeketa egin bitartean herrian eman diren mehatxu eta  indarkeria mota guztiak» salatzen ditu. Bigarren puntuan udalbatzari eskatzen dio «gaitzetsi ditzala hamarkada hauetan Amasa-Villabonako herrian gertatu diren sabotaje, herri altzari txikitze eta edukiontzi erreketa guztiak». Zinegotzi jeltzaleek exijitzen dute udalak gaitzetsi ditzala, «zalantzarik gabe», Amasa-Villabonan uztailaren 6ko edukiontzien erreketa eta gertatutakoa eta horren arduradunak nortzuk izan diren ikertzeko eta argitzeko.

Bestalde, udalbatzari eskatzen diote «bere elkartasuna adieraztea suaren eragina jasan duten higiezinen jabeei eta bere esku dagoena egiteko borondatea adieraztea ahal den neurrian kalteak erreparatzen laguntzeko».

EAJk mozioaren hitzaurrean azaldu duenez, «hiri hondakinen bilketa gai polemiko bilakatu da legealdi honetan, Gipuzkoan, orokorrean, baina Tolosaldean, batez ere». Zizurkilen, Amasa-Villabonan, Anoetan eta Iruran berriki «hiri hondakinen bilketari buruz egin diren herri galdeketetan, hauen entzute ona galarazteko, Bildukoek  aurreko egunetan burutu dituzten ekintzaz beterik egon dira. Jarrera honek herritarren parte hartzea zailtzeaz harago, tentsio eta amorru giroa sortu du herrian».

EAJk gaineratu duenez, «Bildu herri galdeketak legezkoak ez direla izan zabaltzen saiatu da eta honek udal gobernuaren aldebakarreko erabakia bultzatu du, Villabonako herritarrek demokratikoki azaldu duten nahi legitimoari kasu egin beharrean, atez atekoaren inposizioarekin jarraitzea erabaki du, Amasa-Villabonatarren gehiengoak argi eta garbi ukatzen duten sistema».

EAJk azaldu duenez, «testuinguru horretan, eta herrian bizi dugun tentsio giroa baretu beharrean, uztailaren 6ko gauean, hondakinak gaika biltzeko lau edukiontzi erre zituzten Amasa-Villabonan».

1villabona-aiztondo@hitza.info

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!